2000. urtean iritsi zen Dusko Ivanonic (Montenegro, 1957) Gasteizera, eta urtebetez Josu Larreategik bertatik bertara egin ahal izan zuen lan Gasteizera horrenbeste poztasun eraman dituen entrenatzailearekin. "Pentsa, Baskoniak lau liga irabazi ditu bere historian, eta horietako hiru Dusco Ivanovic aulkian zela izan dira", dio eskoriatzarrak.
Atzera begiratua egiten hasita, Larreategik eta Ivanovicek elkarrekin lan egin zuten urte hartan Tau Baskonia Euroligako txapeldunordea izan zen: "Kinder Boloniaren kontra galdu genuen finala (3-2). Sasoi hartan pentsaezina zen guk Europan halakorik egitea".
Formatura bikain egokituta
Gaur egunera etorrita, berriz, inork gutxik uste zuen duela hilabete batzuk Ivanovicen etorrerak horrenbeste aldatuko zuenik Gabonetan horren desitxuratua zegoen Baskonia: "Baina urte hauetan ez da batere aldatu. Jokalariengan sinisten zuela esanez etorri zen, sekulako intentsitatea eskatzen die jokalariei, eta sinistu arazten die dena dela posible. Hala, jokalariak pentsatzen du 100 metroak 8 segundotan egin ditzakeela, nahiz eta esprinter azkarrenek ere ez duten hori egiten. Hori da Dusko, eta daukan adinarekin dagoeneko ez da aldatuko. Alde horretatik, uste dut pandemia egoera dela-eta liga amaitzeko aukeratu duten formatuak on egin diela, Errege Koparen formatua beharrean liga erregularreko formatua izango balu Baskoniak ez zukeen liga hau irabaziko. Baina, urte batzuk barru inor ez da horretaz akordatuko, gogoan geratuko den gauza bakarra da Baskoniak 2020an liga irabazi zuela".
Lana eta intentsitatea
Hori da Ivanovicen errezeta: "Jokalari moduan ere halakoxea zen, eta entrenatzaile moduan ere filosofia berberarekin egiten du lan. Defentsa gogorrean sinisten du, eta kontraerasoan azkar jokatzea gustatzen zaio, horretarako jokalariak ditu. Gero, batzuek aurpegiratzen diote ez duela estrategia horrenbeste lantzen. Baina, kantxan jartzen duen intentsitatea sekulakoa da".