Sexu askapenaren alde egingo dute gaur, bailarako herri batzuetan

Maialen Santos 2020ko eka. 27a, 15:10
Iazko Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunean Oñatin egindako mobilizazio jendetsua.

Ekainaren 28rako, Debagoieneko herri ezberdin batean deitu ohi dute mobilizazioa TransMarikaBolloFeminista koordinadoratik. Aurten, ordea, "egoera bereziaren" eraginez herriz herriko ekintzak egingo dituzte; Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran.

Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako, ekainaren 28rako, urtero deitu ohi dute manifestazioa eta ekitaldia Debagoieneko herri ezberdin batean. Aurten, Arrasaten ziren egitekoak sexu askapenaren gaineko aldarrikapenak, baina osasun krisiaren eraginez bertan behera utzi behar izan dute ekitaldi bateratua.

Herririk herri

Hala eta guztiz ere, Debagoieneko TransMarikaBolloFeminista koordinadorak antolatuta herriz herri ekimenak egingo dituzte, ekintza bateratuaren alternatiba gisara.

Zehazki, Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan eramango dituzte aurrera ekimenak; eta, koordinadorako kideek azaldu dutenez, segurtasuna eta osasun distantzia guztiak errespetatuko dituzte: "Horretarako, bizi dugun egoera berezi honetan, herriz herriko ekimenak martxan jartzea lehenetsi dugu".

Aurreratu dutenez, Arrasaten, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute. Biteri plazan elkartuko dira, Identitate (des)konfinatuak leloarekin.

Bergaran, berriz, Harrotasuna taldeak Udalarekin batera hiru ekimen "xume" antolatu ditu. Alde batetik, LGTBI+ mugimenduari lotutako ipuin bat eskegiko dute udal webgunean, haur zein helduei zuzendutakoa. Horretaz gain, argazki bilduma bat sortuko dutela azaldu dute Harrotasuna-tik; eta bertan, LGTBI+ mugimenduari lotutako edonolako argazkiak bilduko dituzte. Horiek harrotasuna@hotmail.com helbide elektronikora bidali ditzatela eskatu diete herritarrei. Parte hartzaileen artean, herriko komertzioetan gastatzeko bi bonu zozketatuko ditu Udalak. Azkenik, Bizipenetatik normaltasunera izeneko ekimena ere egingo dute. Zehazki, gai berari lotutako herritarren testigantzak jaso gura dituzte; eta horiek, ostean, Harrotasuna taldearen Facebook orrian (Harrotasuna harrotasuna) eta Instagramen (@harrotasunabergara) eskegiko dituzte; betiere, anonimotasuna gordeta. Testigantzak posta elektronikoz bidali behar dira, eta gaur izango da horretarako azken eguna.

Aretxabaletan, bestalde, Mugimendu Feministak antolatuta performancea egingo dute 13:00etan. 18:00etan marrazki kolektiboa egingo dute; eta 19:00etan, azkenik, elkarretaratzea eta desfilea.

Eskoriatzako udalak ere bat egin du Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunarekin, eta zenbait "konpromiso" hartuko dituztela iragarri du. Alde batetik, LGTBI pertsonen aurkako "indarkeriaren aurrean" erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea erabaki dute. Bestalde, LGTBI pertsonen "eskubideak bermatzera" bideratutako neurriak "aktibatzea". Eta, azkenik, gaurko aldarrikapen eta ospakizuna "ikusgai" egitea; horretarako udaletxeko balkoian ortzadar bandera zintzilikatuz.

TransMarikaBolloFeministak ekimen ezberdinetan parte hartzera deitu gura izan ditu debagoiendarrak, "askatasunaren ahotsa entzun eta ikusaraztea" izanik helburu nagusia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak