Galeano ahizpak gertu daude domekako finalerdirako

Xabier Urtzelai 2020ko eka. 19a, 17:30

Nagore eta Leire Galeano.

Emakume Master Cup Txapelketako finalaren atarikoa Elgoibarren jokatuko dute domekan; Nagore eta Leire Galeanok pauso batera dute finala.

"Ez geneukan batere garbi finalerdia jokatuko genuen ala ez, eta pena emango liguke behin honaino iritsita txapelketa bertan behera geratzeak", adierazi dio GOIENAri Nagore Galeanok. Egindako lanak, baina, fruitua izango du, eta domekan Elgoibarren jokatuko duten jaialdian antzuolarrek pauso batera izango dute finala.

Galeano ahizpek Pilota Goxoa kategoriako finalerdia jokatuko dute, eta aurrean izango dute Ainhoa Ruiz de Infantek eta Amaia Jakak osatuko duten bikotea. Beste finalerdian, berriz, Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik Irantzu Etxebesteren eta Ane Urkizuren kontra jokatuko dute –hor ez dago debagoiendarrik–. "Kontrario gogorrak dira, badakigu ez dela partidu erraza izango. Gu baino nagusiagoak dira eta pilota ondo mugitzen dute batera eta bestera", dio Leire Galeanok. "Baina gure jokoa egiten ahaleginduko gara".

Hala, txapelketako jokalari gaztetxoenak dira Antzuolako ahizpak, 15 eta 12 urterekin. Frontoian, baimen batekin Galeanotarrek konfinamenduko lehen asteetan ez zuten izan gura moduan entrenatzeko aukerarik, eta etxean ibili behar izan zuten. Azken asteetan, ostera, pilotalekura joatea lortu dute, baimen bati esker, eta astean hiru egunetan izaten dira han: "Etxetik irteteko baimena eman zutenean, kanpoko pilotalekuan hasi ginen entrenatzen, eta gero, Master Cup-eko antolatzaileek bidalitako ziurtagiri bati esker, barruko pilotalekuan hasi ginen lanean".

Finalaurrekoa irabazten duten bikoteak finalean izango dira eta hori hilaren 28an jokatuko dute, Irunen. Galeano ahizpak txartel horren bila joango dira, zalantzarik gabe: "Orain arte, txapelketa ona egin dugu, baina finalera iristea txapelketa borobiltzea izango litzateke, eta hori da gure helburua". Hala, domekako pilota jaialdia ETB1ek eskainiko du.

'Plazandreak' saioa, udan

Emakume pilotariak izango dira protagonista ETB1ek uda honetan eskainiko duen Plazandreak saioan, eta saioaren helburuetako bat izango da emakumezkoen pilota ezagutzera ematea. Hala, tartean egongo dira bi bergarar, Arrate Bergara eta Reyes Azkoitia. Hamabi pilotari egongo dira lehian, lau taldetan banatuta, eta Arrate Bergara izango da pilotari horietako bat. Kontrara, Reyes Azkoitia izango da taldeetako bateko entrenatzailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak