Udarako eskaintza aurkeztu du Debagoieneko AEK-k. Bi ikastaro egingo ditu: bata B2 maila lortzeari begira eta bestea C1 maila lortzeko. Bi ikastaroak 45 ordukoak izango dira orotara, eta soilik euskaltegiren baten azpimaila lortu dutenek eman ahalko dute izena.
Ikastaroak hiru aste iraungo du, –astelehenetik ostiralera– eta egunean hiru ordu egingo dituzte ikasleek –09:00etatik 12:00etara–. B2 mailakoek ekainaren 29tik uztailaren 17ra egingo dute ikastaroa eta C1ekoek abuztuaren 31tik irailaren 18ra.
Matrikula egiteko epea ekainaren 26an bukatuko da uztaileko ikastarorako eta abuztuaren 27an irailekorako –halere, bulegoan izena emateko aukera uztailaren 17an amaituko da–. Iturriotz kalean dagoen euskaltegian egin daiteke 11:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Horrez gain, 943 77 03 69 zenbakira deituta edo arrasate@aek.eus helbidera idatzita ere egin daiteke matrikula.
Hurrengo ikasturtean, betiko eskaintza
Hurrengo ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina ere abiatu du AEK-k, eta azaldu dutenez “betiko eskaintza” bermatuko dute: aurrez aurreko saioak, autoikaskuntza, online ikastaroak eta mintzasaioak eskainiko dituzte. Gainera, jakinarazi dute irakasleek formakuntza berezia jasoko dutela udan, aurrez aurreko saioetarako prestatzeko.
Uztailaren 8a baino lehen aurrematrikula egiten duenak %5eko deskontua izango duela adierazi dute, eta baita epeetan ordaintzeko aukera ere. Bestetik, erabakia aldatuz gero eta hasi baino lehen abisatuz gero, jarritako dirua itzuliko dela esan dute.