Eskulangile eta artisauentzako diru-laguntza programa aurkeztu du Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 18a, 10:35

Eskulangintza sektorea sustatzeko programa abiatuko duela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur argitaratu duen aldizkari ofizialean. Prozesua lehiaketa bidez eta hautapen prozedura bakar baten bitartez egingo dutela azaldu dute ordezkariek.

Eskulangintzako enpresen "lehiakortasuna eta merkaturatzea" indartzeko asmoz, 409.446,00 euroko gastua baimendu du Aldundiak. Eskulangintzan aritzen diren enpresak, banako enpresaburuak, enpresa sozietarioak eta Gipuzkoako eskulangintza sektorearen ordezkaritza entitateak izango dira diru-laguntzak eska ditzaketenak, baina betiere baldintza batzuk bete beharko ditzute. Baldintza horiek GAOn kontsulta daitezke.

Bestetik, eskulangintzako enpresek eskatutako diru-laguntzak helburu jakinetarako izan beharko dira: ekipoen inbertsioetarako, web-orriak sortzeko eta eguneratzeko, Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko, azoketan parte hartzeko, lokalaren alokairurako eta aholkularitza kontratatzeko. Elkarteek bestalde, azoka edota eskulangintza lehiaketak antolatzeko helburua badute soilik jasoko dute laguntza.

Mugak ere jarri dituzte

Proiektu bakoitzerako gehienezko mugak ezarri ditu Aldundiak, eta guztira, lantegi bakoitzak ezingo ditu 5.500 baino gehiago jaso. Elkarteei dagokienez, azoka edota eskulangintza lehiaketak antolatzeagatik % 65eko finantzazioa bermatuko du Foru Aldundiak, eta gehienez 15.000 euro emango ditu azoka bakoitzeko.

Eskaera aurkezteko epea uztailaren 13an bukatuko da, eta bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak