Hainbat debagoiendar Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetarako aurkeztutako zerrendetan

Maialen Santos 2020ko eka. 16a, 17:37

Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izango diren hauteskunde-zerrendak argitaratu dituzte gaur eta debagoiendar ugari daude horietan.

EAJren zerrenda

Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzkoako zerrendaburua Bakartxo Tejeria Otermin da, eta debagoiendarrei dagokienez, bederatzigarren postuan dago Aitor Urrutia Oianguren eskoriatzarra, azken legealdian legebiltzarkide izan dena. Bergarako alkate ohi Elena Lete Garcia hamabigarrena da, eta egun jeltzaleek Debagoienean dituzten hiru alkateak ere badaude zerrendan: Maria Ubarretxena Cid arrasatearra hamazazpigarrena da; Jose Ramon Zubizarreta Alegria eskoriatzarra hogeigarrena eta Unai Elkoro Oianguren aretxabaletarra, hogeitabigarrena. Horretaz gain, zerrenda ixten, 23. postuan, Irune Galarraga Ezenarro doa, zinegotzia gaur egun Bergarako Udalean. 

Bestalde, Arabako zerrendan, laugarren doa Luis Javier Telleria Orriols. Antzuolarra sortzez, Gasteizen bizi da. Legebiltzarkide izan da eta baita zinegotzi Antzuolan.

EH Bilduren zerrenda

EH Bilduren kasuan, Gipuzkoako zerrendaburua Maddalen Iriarte Okiñena da. Debagoiendarrei dagokienez, zerrendako laugarrena da Aretxabaletako Udalean zinegotzi izandako Lore Martinez Axpe; bosgarrena, Ander Rodriguez Lejarza arrasatearra, besteak beste, 2019tik legebiltzarkidea dena; bederatzigarrena, Rebeka Ubera Aranzeta elgetarra, 2012tik legebiltzarkidea. Marina Madariaga Oteo bergararra hamabosgarrena da zerrendan, eta Izaro Elorza Arregi, Oñatiko alkatea, hogeitahirugarrena.

Elkarrekin Ahal Duguren zerrenda

Elkarrekin Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaren burua David Soto Rodriguez da eta hemen ere hainbat debagoiendar daude: Arrasaten zinegotzi izandako Podemos Ahal Duguko Eva Abuin Bideburu hirugarrena da; eta Ezker Anitzako bi eskoriatzar ere badaude hautagaien artean: Juan Luis Merino Sanabria, besteak beste zinegotzi izandakoa Arrasaten, hamargarrena, eta Blanca Merchan Ropero, hamabosgarrena.

Elkarrekin Podemosen Arabako zerrendan ere bada debagoiendarrik: Ezker Anitzeko Salva Gonzalez Santiago bergararra, hamazazpigarrena da.

PSE-EEren zerrenda

PSE-EEren Gipuzkoako zerrendan ez dago debagoiendarrik –Miren Gallastegi Oiarzabal, eibartarra, zinegotzia da Antzuolan eta laugarren doa Gipuzkoako zerrendan–, baina bai Araban: Alberto Alonso Martin oñatiarra, Bergaran zinegotzia eta orain arte Osalaneko zuzendaria izan dena, laugarrena da.

Equo-Berdeaken zerrenda

Equo-Berdeak taldeko Gipuzkoako zerrendaburua Miren Edurne Baranda De Miguel da eta hemen ere badaude hiru debagoiendar:  Eskoriatzako zinegotzi izandako Rafael Bernal Gato aretxabaletarra seigarrena da; Bergarako zinegotzi izandako Aiert Lizarralde Ortiz de Zarate 21.a; eta ordezkoen artean dago Iker Carrasco Mendez aretxabaletarra.

Azkenik, bada zerrenda bat, berria hauteskunde hauetan: Libres Por Euskadi. Bada, zerrenda horretan, Gipuzkoatik, bigarren doa Jesus Mari Sasieta Korta bergararra, azken Udal hauteskundeetan Podemosen Bergarako alkategaia izan zena.

Euskadiren aldeko libreak eta Vox

Euskadiren aldeko libreak alderdiaren Gipuzkoako zerrendan bigarren hautagaia da Bergarako Jose Maria Sasieta Korta; hain zuzen ere, bera izan zen Bergarako Podemos alderdiaren alkategaia 2019ko maiatzeko Udal hauteskundeetan.

Eta Josu Laiño Alvarez oñatiarra Vox alderdiaren Gipuzkoako zerrendan aurkeztu da, hamaseigarren hain zuzen ere.

Demokrazia parekiderantz

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1980az geroztik erregistratutako datuen arabera, gizonezko eta emakumezko hautagaien kopuruak parekidetasuneranzko joera hartu du; batez ere, azken urteetan. Hain zuzen, 2005az geroztik emakumezko hautagaiak gizonezkoak baino gehiago dira. Zehazki, egun, hautagaien %50,1 dira emakumezkoak; eta %49,9 gizonezkoak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak