Hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketak ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dituzte

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko eka. 12a, 12:49

Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, bihartik eguaztenera bitartean egingo dituzte hauteskunde-mahaietan egongo diren 24.000 pertsonak izendatzeko zozketak; 8.000 titular eta 16.000 bat ordezko.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako guztira 2.678 mahai jarriko dituzte. Lurraldez lurralde, Araban 426 mahai egongo dira, Bizkaia 1.400 eta Gipuzkoan 852. 

Azaldu dutenez, erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein pertsonak jaso dezake hauteskunde-mahai bat osatzeko deia; beti ere, adinez nagusiak badira. Izendapena egin osteko hiru egunetan jakinaraziko zaie hautatutako pertsonei.

Hauteskunde-mahaietako lehendakariek edo bokalek 85 euroko dieta jasoko dute eta Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute, eginkizunak garatzen dituzten bitartean istripurik izanez gero.

Gainera, gogorarazi dute, hauteskunde egunean arrazoi justifikaturik gabe ez agertzeak espetxealdia edo isuna ekar dezakeela. Jakinarazpena jaso ondorengo zazpi egunetan, mahaikide izendatutako pertsonek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean.

Salbuespenak

Hauteskunde-legeak kasu jakin batzuetan mahaian egoteko betebeharretik salbuesteko aukera aintzat hartzen du, "baldin eta horretarako arrazoi justifikatua eta dokumentatua badago". Horien artean daude Segurtasun Sailak zehaztutako kasu hauek:

  • Gaixorik dauden pertsonak eta ospitaleratuak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Ontziratutako langileak.
  • Legean xedatutakoaren arabera hautaezinak diren pertsonak.
  • Seigarren hilabetetik aurrerako haurdunaldian dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaldian daudenak.
  • Bederatzi hilabetera arte haurra edoskitzen ari diren emakumeak.
  • Hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten pertsonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak