Gipuzkoan 14 alderdi aurkeztu dira –2016an baino hiru gehiago–: EAJ, EH Bildu, PSOE, PP+Cs, Bidezko mundurantz, Euskadiren aldeko libreak, Aulki zuriak, Equo berdeak, VOX, Podemos-Ahaldugu/Ezker Anitza, Unión Cristiano Demócrata Española, PACMA/ATTKAA, Recortes Cero-Berdeak eta Alderdi Libertarioa.
Araban ere 14 dira aurkeztu diren alderdiak, baina aldaketa batzuk daude Gipuzkoakoekin alderatuta. Ongi Etorri eta Foruzaleak alderdiak aurkeztuko dira, eta ez Unión Cristiano Demócrata Española eta Alderdi Libertarioa.
Hautagai-zerrendak ez dira behin betikoak
Oraindik zerrendak ez dira behin betikoak, izan ere, Hauteskunde Batzordeek alderdi politikoek aurkeztutako dokumentazioa aztertu behar dute, eta irregulartasunik hautemanez gero, horiek zuzentzeko epea ireki dute orain. Aurreratu dutenez, Hauteskunde Batzordeak ekainaren 15ean aurkeztuko ditu Legebiltzarrerako hauteskunde-prozesuan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.
Zerrenda horiek hurrengo egunean argitaratuko dira EHAAn, eta beste bi egun izango dituzte alderdiek administrazio-auzietarako epaitegian errekurtsoak aurkezteko: "Hautagai-zerrendaren baten aldarrikapena inpugnatzen bada, epaitegiak ekainaren 20ra arteko epea izango luke errekurtsoak ebazteko. Epaia Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsopean jarri ahal izango da". Dena den, erabaki hori ekainaren 26a baino lehen eman behar dela ohartarazi du Batzordeak, egun horretan hasten baita kanpaina.