LABek langile guztiei soldataren 100% bermatzeko eskatu die kolektibitateetako enpresei

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 10a, 11:30

10:30ean egin dute elkarretaratzea AUSOLAN taldearen egoitza aurrean

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak dituzten langileen "soldata-baldintzak bermatzea" eskatu du LABek gaurko elkarretaratzean, eta baita negoziazio-eremu bat irekitzea ere.

LABek elkarretaratzeak egin ditu Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan kolektibitateetako enpresetako langileen egoera salatzeko. Gipuzkoaren kasuan, Arrasaten batu dira AUSOLAN taldearen egoitza parean; izan ere, Auzo Lagun da Gipuzkoan gisa horretako enpresa handiena. Hala ere, Aibak, ASKORA, GASCA, IKUSER, Baska, Eurest eta beste hainbat enpresa barnebiltzen ditu kolektibitateak.

Enpresa horiei guztiei negoziazioa eskatzeko egin dute agerraldia; hain zuzen ere, adierazi dutenez, bezero pribatuak dituzten enpresetako langileek ez baitute soldataren %100a kobratzen ABEE egoeran. Sindikatuak sektoreko langile guztiei soldata osoa bermatzeko eskaera egin du, bezeroa publikoa edo pribatua izan.

Komiteak azaldu duenez, kolektibitateko enpresa gehienek zerbitzu publikoak kudeatzen dituzte eta beraz, ABEEk eragiten dien langileen soldata gastutuik "salbuetsita" daude –eta baita langileen kotizazioetatik eta soldata gastutik ere­–: "Horri guztiari gehitu behar zaizkio gobernu ezberdinek patronalaren esku jarri dituzten milaka milioiak. Azken batean, langile klaseak ere krisi hau ordaintzea nahi dute, eta argi dago ez dugula onartuko".

Komiteak, bukatzeko, sektore horretan lan egiten duen kolektiboak dituen ezaugarriak kontuan hartzea "garrantzitsua dela" gaineratu du; hain zuzen ere, kontratu partzialak eta "soldata prekarioak" dituztela eta gehienak emakumeak direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak