2021eko ekainaren 6an ospatuko da Bastidan aurten ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, hainbat aukera aztertu ondoren hartu dute erabakia: "Datorren ikasturtearen hasieran izango ditugun erronka berriak kontuan izanik, erabaki zail hau hartu dugu aurreneko aldiz 29 urtetan".
Bastida eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoen lana aitortzeko helburua zuten aurtengo edizioan, baina egoerak hala behartuta, ezin izango da hasieran pentsatutako moduan egin. Dena den, aurreratu dutenez, datorren ikasturtean zehar ere jarduerak egingo dituzte hasierako xedeari erantzuteko.
Jai birtuala ohiturari jarraitzeko
29 urteko ibilbidea ez eteteko, aurten, modu ezohikoan ospatuko dute Eskola Publikoaren jaia. Ekainaren 7an "agurrak eta sorpresak" izango direla azaldu dute, eta 8tik 12ra arratsaldero euskarazko jarduera bat eskainiko dute internet bidez: "Konfinamentuan ikasle asko sufritzen ari diren euskararen galerari ekarpena egin nahi izan diogu euskarazko kalitatezko kultura saioak euren esku ipiniz ". Modu horretan, euskal kulturgileen egoera ere kontuan hartu nahi izan dute, eta izaten ari diren galerari "ekarpen xumea" egin.