Gipuzkoar askok Debagoiena aukeratu dute asteburuaz gozatzeko

Xabier Urzelai / Julen Iriondo 2020ko mai. 31a, 16:54

Irteteko gogoak, aukerak, eta eguraldi onak bat egin duten momentuan, eta Gipuzkoatik ateratzeko debekua ere kontuan hartuta, jendez bete dira Debagoieneko bazterrak, jendez eta, adibidez, baita furgoneta eta autokarabanaz ere; Arantzazu, esaterako, eta Urkulu, ezohiko irudiak utziz. Urbia ere askoren helmuga izan da; eta Usako, Usakon goiz hartu du aurten batek baino gehiagok denboraldiko lehen bainua.

"Inoiz ez dut Urkulu horrela ikusi", zioen, esaterako, inguru haietan ohikoa den aretxabaletar batek. Izan ere, asko izan dira asteburu honetan furgonetarekin edo autokarabanarekin egunak pasatzeko Aretxabaletako txoko ederra aukeratu dutenak.

Lotarako balio duten ibilgailu horietako ugari Oñatiko autokarabanen gunean ere, eta baita Arantzazuko aparkalekuetan. Horietan gaua pasatutako asko eta askok Urbiara egin dute bisita atzo edo gaur; jende asko ibili dela baieztatu dio Goienari Fondako Aritz Altubek. Denek ez dute Arantzazun lo egin, ordea, Aizkorriko babeslekuan ez omen da lekurik egon, eta izan da tontorrean kanpoan gaua pasa duenik ere.

Gaua pasatzera barik, egunean ere ibilgailu asko igo dira Arantzazura, eta Ertzaintza jarri da bide bazterrean, kotxeek santutegitik gora egin ez zezaten eta aparkaleku nagusian edo lehenagokoetan gera zitezen: "Mendian hainbeste jende ibilita, erreskate bat egin beharra izateko aukerak ugaritzen dira, eta goiko aldea kotxez betez gero, arazoak izaten dira pasatzeko. Jendea mendira dator, baina ahalik eta goren utzi nahi izaten dute kotxea askok, eta ezin badute kexatu egiten dira, ez da erraza ulertzen. Ibiltzera ez datoz ba?", zioen agenteetako batek.

Horrez gain, gaua pasatzera Arantzazura joandakoen gainean zioen hainbat Gipuzkoatik kanpokoak zirela egiaztatu ahal izan dutela, eta gogora ekarri nahi izan du, gaur gaurkoz, ez dagoela baimenduta hori egitea.

Adore handia behar da, bestetik, maiatz bukaeran Usakoko uretan sartzeko. Bada, atzo jende ugari pilatu zen Oñatiko putzu ezagunean, eta batek baino gehiagok hartu zuen bainua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak