Uztailean gura dute motor hotsa itzultzea

Xabier Urtzelai 2020ko mai. 29a, 09:05
Agirretxeren eta Intxaustiren BMW autoa, iaz, Aramaion.

Euskadiko Automobilismo Federazioa lanean dabil uztailean lasterketak itzul daitezen. Segurtasun neurriak zaintzeko protokoloa landu dute, baina kontziente dira antolatzaileek arazo handiak izan ditzaketela babesleak bilatzeko.

Uztailaren 10eko eta 11ko asteburuan Zamudioko rallyarekin ekin gura dio ostera ere Euskadiko Automobilismo Federazioak egutegiari. "Rallyen barruan lasterketa gehientsuenak egitea espero dugu", dio Federazioko komunikazio arduradun Eduardo Maturanak. "Baina oso kontziente gara zein den egoera. Eusko Jaurlaritzarekin hartueman zuzena dugu, oso sintonia onean gabiltza lanean, garbi dago-eta gauzak poliki-poliki martxan jarri behar ditugula, baina, aldi berean, ziurgabetasun handiarekin gabiltza denok lanean, egoera goitik behera alda daiteke-eta denbora gutxian".

Hala, lasterketak egiten hasten dituztenerako segurtasun protokoloa landuta daukate: "Distantziak handitu beharko ditugu, esaterako, asistentzian, eta publikoa ere ezingo da pilatu lasterketak ikusteko". Eta horrek zailtasunak ekar ditzake, esaterako, Gorlako Igoeran eta halako probetan. Izan ere, taldeek Bolu auzoko zuzenean jartzen dute asistentzia, eta han ez dago leku askorik: "Halako zailtasunak antolatzaile bakoitzarekin aztertu beharko ditugu, eta ikusi egin behar dugu zeintzuk dauden prest 2020an lasterketa antolatzeko, eta zeintzuk ez. Gure partetik garbi dugu malgutasun handia izan behar dugula antolatzaileekin, eta laguntza guztia eman".

Batzarra antolatzaileekin

Federazioko ordezkariek asteburuan dute antolatzaileekin batzar telematikoa egiteko asmoa, euren ikuspuntua zein den jaso gura dute. "Badakit, esaterako, Aramaioko Rallysprinta antolatzeko asmoa dutela, eta Gatzagako Igoera antolatzeko ere lanean dihardutela, nahiz eta beste data batzuetan izango den [uztaileko lehen asteburuan egin behar zuten]. Dakidanagatik, Udanako Igoerarik ez da aurten egongo, eta aurtengo nobedadeetako bat izan behar zen Intxortako Igoera ere –A+Gas taldeak antolatu behar zuen– bertan behera utziko dutela babesleak aurkitzeko zailtasun handiak izan dituztelako. Ikusteko dago maiatzaren 23an egin behar zuten Gorlako Igoera uda ostean errekuperatuko duten ala ez". Izan ere, babesle barik nekez egingo dute aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak