Debagoieneko adinekoen egoitzetako bost egoiliarrek jaso dute medikuaren alta

Txomin Madina Milikua 2020ko mai. 22a, 20:17

Aldundiak emandako datuen arabera, Aretxabaletako GSR Debagoienako lau egoiliarrek eta gaixo zegoen Arrasateko Iturbide egoitzako azkenak jaso dute medikuaren alta. Hamabigarren egunez jarraian, ez da heriotzarik egon lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan. Aurrerantzean, Eibarko Ospitalean birkokatuko dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako koronabirus kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa.

Hamabigarren egunez, ez da heriotzarik egon Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan Aldundiak jakinarazi duenez. Era berean, orain arte gaixo zeuden sei pertsonak, horietako bost Debagoieneko egoitzetakoak, medikuaren alta jaso dute. Ibarreko kasuei dagokienez, Aretxabaletako GSR Debagoiena egoitzako lau egoiliarrek eta Arrasateko Iturbide egoitzako batek jaso dute alta. Esan behar da, Arrasateko Iturbideko egoiliarren kasuan, ez zegoela egoitzan bertan, ospitalean baizik. Gauzak horrela, Iturbide ere koronabirus gabeko egoitza da dagoeneko.

Une honetan Aretxabaletako GSR Debagoiena da COVID-19 gaitzak jotako egoiliarrak dituen bakarra; 20 denera.

Erreferentziazkoa zentroa, Eibarren aurrerantzean

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak bilera egin dute gaur Donostian Gurutze Gorriko ordezkariekin. Bertan, pandemiaren bilakaera eta koronabirusak Gipuzkoan, batez ere adineko herritarren artean, izandako eragina izan dute mintzagai.

Orain arte, Gurutze Gorriak Donostiako Matia kalean duen zentro soziosanitarioa izan da adinekoen egoitzetatik eratorritako koronabirus kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa; baina gaurko bileraren ostean Markel Olanok egin duen agerraldian aditzera eman duenez, aurrerantzean Eibarko ospitaleak egingo du lan hori. Hala, ospitale horretako hirugarren solairuan birkokatuko du Aldundiak COVID-19ari bereziki zuzendutako zentroa. Solairu hori duela gutxi gaitu dute zentro soziosanitario moduan, eta 48 plaza ditu.

Markel Olano eta Maite Peña Gurutze Gorriko ordezkariekin

COVID-19 gaitzaren ondorioz gertuko pertsonaren bat galdu dutenei doluminak agertu ostean, Olanok adierazi du Gipuzkoako adinekoen arretarako sareak "sendotasunez eta eraginkortasunez" erantzun duela pandemiari eusteko orduan. "Adinekoen egoitzak izan dira eta izango dira gure lehentasun nagusia, alegia, bertan bizi diren pertsonen eta langileen ongizatea eta osasuna zaintzea. Ziklo berri honetan erabakigarriak izango dira prebentzio, aurreratze eta erantzun azkarreko neurriak", gaineratu du diputatu nagusiak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak