Euskal presoen aldeko elkarretaratzeak berreskuratu dituzte Antzuolan eta Oñatin ere

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 22a, 20:27

Aurreko astean Bergaran egin zuten modura, Antzuolan eta Oñatin gaur berreskuratu dituzte euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak, bi hilabete baino gehiagoren ostean. Bi herrietan plazan elkartu dira, ohi moduan. Halaber, Bergaran ere plazan elkartzekoak dira orain, 20:30ean, Gure Artera-Sarek deituta. Arrasaten, azkenik, martitzenean egin zuten, eta martitzenero egingo dute aurrerantzean.

Antzuolan, Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak deituta eta Preso eta iheslariak etxera lelopean egin dute, herriko plazan, euskal presoen egoera "larria eta jasanezina" dela aldarrikatuz. "Egoera honetan, are larriagoak dira dispertsioak presoengan eragiten dituen kalteak. Bisitarik ez dituzte jasotzen, eta muga handiak dituzte, kartzeletan hartutako erabaki murriztaileen ondorioz", azaldu du taldeko kide Maialen Guridik. 40 lagun inguru batu dira plazan.

Oñatin, bestalde, Sarek eta Etxeratek deitu dute elkarretaratzea, Denak gurekin lelopean. Gose greba egitearen ondorioz bart ospitaleratu duten Patxi Ruiz preso iruindarraren aldeko mezuak ere erakutsi dituzte, baita beste hainbat pankarta txiki ere. 45-50 bat lagun elkartu dira Oñatin ere. "Guretzat egoera honetan baldintza gogorrak baldin badira, kartzeletako baldintzak are gogorragoak dira. Gainera, bisitak murriztuta dituzte presoek eta senideengana iristen den informazioa ez da batere argia. Bideo-deiak ere ez dituzte guztiz errespetatzen", azaldu dute Sareko eta Etxerateko kideek. "Aste honetan jakin dugu, bestalde, lan-istripu baten ondorioz ospitaleratutako preso batek positibo eman duela PCR proban. Hori jasangaitza da", gaineratu dute.

Elkarretaratzeak segurtasun distantzia mantenduta egin dituzte.

Arrasaten, astean zehar

Martitzenean egin zuten elkarretaratzea Arrasaten, Herriko Plazan, Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko. Martitzenero jarraituko dute kalera irteten. "Geu guztiok konfinatu gintuen koronabirusak eta alerta egoerak are gehiago bakartu ditu presoak, bisitarik gabe, asteroko poztasun txiki hori etenda, osasun krisiaren aitzakipean baldintza latzagoetan... halaxe jarraitzen dute oraindik. Bisita arruntak baimentzeari ekin dioten arren, dispertsioak ezinezko egiten ditu euskal preso politikoentzat. Ez ditugu ahazten iheslari politikoak, errepresioaren atzaparretatik alde egin behar izan zutenak, eta COVID-19aren pandemiak mundu osoa kolpatu duen honetan kezkaz bizi dugu. Patxi Ruiz pairatzen ari den egoera ere ezin dugu alde batera utzi, konponbidea eman behar zaio lehenbailehen. Etxekoen zein lagunen ezinegona geure egiten dugu. Kaleetan geure indarrak batu eta ozen aldarrikatu behar dugu, guzti guztiak Euskal Herrian, etxean, kalean, bizirik eta aske gura ditugula!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak