"Ez dugu etsi nahi, jai hauek ez direlako jai hutsak", adierazi dute elkarteko kideek eta helburuak aipatu dituzte, besteak beste, euskararen bozgorailu izan, euskal kultura sustatu, auzolanaren bitartez harremanak estutu ikastolako kideen artean eta horiek herrietako eragileekin eta hainbat proiektu finantzatu.
Hala, gaur gaurkoz aurrera egitea erabaki dute jaiokin, eta honako datak proposatu dituzte:
- Irailaren 20an, Herri Urrats, Senperen.
- Urriaren 4an, lehendik zehaztuta zegoen bezala, Kilometroak Amasa-Villabonan eta Zizurkilen.
- Urriaren 18an, Araba Euskaraz, Amurrion; eta Ibilaldia, Elorrion.
Urriaren 18an, ostera, Nafarroa Oinez zen egitekoa, Lizarran, baina 2021era atzeratu dute: "Tamalez, beste jaiek ez bezala, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi dute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute. Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat; baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere".
Jaiak berrasmatzen
Era berean, iragarri dute jai horiek ez direla orain arte ezagututako modukoak izango: "Ezohiko egoera batean gaude, eta erabakiak hartzea erraza ez den arren, gure jaiak berrasmatzen ari gara". Eta gaineratu dute sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanda, ikastolen jai berrituak programatuko dituztela.