Euskal Autonomia Erkidegoko 1.788.602 pertsonak –583.063 Gipuzkoakoak– eman ahal izango dute botoa uztailaren 12an, 2020-2024 legealdiko Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatzeko.
Posta bidez bozkatu nahi dutenek dagoeneko egin dezakete eskaera, eta horretarako azken eguna izango da uztailaren 2a. Atzerrian bizi direnek (modu iraunkorrean), ostera, ekainaren 13ra bitartean eskatu ahal izango dute.
Bestetik, astelehenetik, maiatzaren 25etik aurrera, egongo da ikusgai hauteskunde-errolda udaletan eta egun horretan zabalduko da erreklamazioak egiteko epea.
Ekainaren 13tik 17ra bitartean, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak egingo dituzte udalek. Eta ondoren, ekainaren 14tik 20ra bitartean jakinaraziko diete mahaiak osatuko dituztenei.
Ekainaren 16an argitaratuko dira EHAAn hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak. Eta kanpaina ekainaren 26an hasi eta uztailaren 10ean bukatuko da.
Argibideak webgunean
Argibide guztiak www.hauteskundeak.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira: prozesuaren egutegia, bozkatzeko eta postaz bozkatzeko prozedurak, hauteskunde-gida, mahaikideentzako gida eta inprimaki elektronikoak, besteak beste.