Euskal naziotasuna oinez eta kantuz aldarrikatzeko

Kultura eta mendizaletasuna uztartzen ditu Urmuga zeharkaldiak. Argazkia: Urmuga.

Uztailaren 14tik abuztuaren 1era bitartean, mendia eta kultura uztartu nahi dituen Urmuga ekimena egingo dute, Euskal Herria osoa zeharkatuta; punta-puntako euskal musikariek hamalau kontzertu eskainiko dituzte, mendi gailurretan eta herri txikietan.

Txikitatik dira lagunak Felipe Uriarte mendi-gidaria eta Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendaria; biak dira mendizaleak eta kulturazaleak. Oxigenoa euskarari 6000 metroan ekimena abiatzear zuela, musikariak elkarrekin proiektu bat egitea proposatu ziola kontatu du Uriartek: "Himalaian nengoela, Migelen proposamenari –musika eta mendia bateratzea– buelta batzuk ematen hasi nintzen, eta burura etorri zitzaidan Urmuga zeharkaldia egitea. Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen ertz luzeari esaten zaio Urmuga, eta bide hori jarraituz egingo dugu zeharkaldia. Urmugak mugak dira batzuentzat, baina nabarmena da mugen joera eta intentzioa, eta gure iritziz, Urmugak ez du Euskal Herria bereizten, josi baizik, mendebaldea ekialdearekin eta hegoa iparraldearekin; musika bitartez eta oinez, Urmugak josi egiten gaituela aldarrikatu nahi dugu".

Uztailaren 14an abiatuko dute zeharkaldia, Angulo Bortun (Salvada mendilerroa, Araba) eta, dana ondo bidean, abuztuaren 1ean borobilduko dute, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean (Auñamendiak).

"Inoiz baino beharrezkoagoa"

Gaur egungo egoerak ez die bermatzen egitarau osoa bere horretan egiteko moduan izango direnik, eta hala ari dira egunero moldaketak egiten. "Zurrunbilo dinamika baten sartuta gaude, eta berregituratzen ari gara hasieran genuen ideia hori; izan ere, uste dugu aurrera egin beharra dugula proiektuarekin", dio Migel Zeberiok, eta hala jarraitu du Uriartek: "Une zaila da halako ekimen bat aurrera ateratzeko. Azken bi hilabeteetan oso egoera txarrean ari gara lan egiten, informazio eskasarekin. Itxialdia hasi zenean, gauzak oso ondo zihoazen, harreman sendoa genuen hainbat udalekin, kontzertu batzuk ere lotuta genituen, promo-bideoak ere eginda... Orain, bi hilabete ondoren, Urmuga itsaso zakarrean nabigatu nahian dabilen belaontzia da. Dena den, ekimena sortu genuenean, emankorra zela uste genuen; hau da, naziogintza bultzatzea, mendizaletasuna eta kultura eta mu- sika nahastuz, eta orain, maiatz erdian, beharrezkoagoa dela ikusten dugu; izan ere, giroa nabarmena da orain: kultura zokoraturik, euskara egunero gure telebistetan gutxietsita, genuen autogobernu txikia desagerturik... horregatik guztiagatik inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Urmuga burutzea".

"KIROL ERRONKA BAT BAINO, KULTURALA ETA POLITIKOA DA URMUGA GEHIAGO"

Felipe Uriarte (Mendizalea)

Erakundeei dagokienez, oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren babesa bakarrik dutela dio Uriartek: "Pozik gaude bermatuta dugu- lako Aizkorriko gailurrean egin nahi dugun kontzertua egitea. Pentsa zelako sinbolikoa izango den, Maddi Oihenart beste musikari batzuen laguntzarekin – baldin eta Frantziako muga pasatzeko baimena ematen dioten– Aizkorrin kantuan entzutea. Hortik aurrera ez dugu, beste erantzunik jaso; gainontzeko erakundeak desagerturik daude: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua, Iparraldeko Erkidegoa... Hala ere, ez gara etsitzen; alderantziz, gogoa pizten digu. Garai ilun honetan ezinbestekoa da burua ateratzea nola edo hala".

Hamalau kontzertu

Hemeretzi mendi ibilaldi izango dira guztira, eta ibilbidean zehar ez da mendian lo egingo, eguneko ibilaldia amaitzean inguruko herri txikietako aterpe edo ostatuetan baizik. "Adin eta profil ezberdineko mendizaleentzako aproposa da. Jardunaldiak luzeak dira, eta, oso gogorrak izan gabe, ez dira makalak; dena den, Urmuga ez da kirol erronka bat, ekimen poetikoa eta kulturala da, hausnarketa espazio bat zabaldu nahi duena. Parte hartzeko modu ezberdinak daude: zeharkaldi osoa eginda edo asteko zein asteburuko programa aukeratuta, horiek guztiak ordainpekoak dira, baina, era berean, guztiak gonbidatuta zaudete egun zehatzetako ekitaldietan ere parte hartzeko" .

HIRIETAN EGITEN DIREN EKITALDIAK HERRI TXIKIETARA EKARRIKO DITUGU

Migel Zeberio (Musikaria)

Belaunaldi eta estilo ezberdineko "erreferentziazko" euskal artistekin ari direla egitaraua osatzen azaldu du Zeberiok: "Mendian, formatu txikiko emanaldiak izango dira; asko jota, bost musikarirekin. Eta partaide horien artean izango da "izen handiko" artista bat edo gehiago. Mendietako zazpi kontzertu horiez gainera, beste zazpi egin nahi ditugu landa eremuko herri txikietan, eta hasierako asmoa da formatu handiko emanaldiak egitea; hau da, kontzertu bakoitzean, orkestra zein bestelako formazioetako musikariak dozena erdi bat artistarekin batzea da gure nahia. Emanaldi horiek guztiek ordainpeko sarrera-boluntarioa izango dute".

Izen ematea zabalik dago

Motel samar bada ere, ari dira zeharkaldian parte hartzeko eskariak jasotzen; gehienez, 30 lagunendako tokia dute. Mendiaketaherriak.eus atarian dago informazio gehiago; izena emateko, deitu 685 75 07 63 telefonora edo idatzi info@mendiaketaherriak.eus helbidera.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.