PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresak ni.eus e-mail zerbitzua sortu dute, eta Euskarazko Interneten Eguna horrela ospatzea proposatu dute. Azaldu dutenez, pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko .EUS e-mail zerbitzua da sortu dutena. Igande honetan, maiatzak 17, ospatzen da Interneten Nazioarteko Eguna; osasun larrialdia dela-eta, aurrez aurreko ekitaldirik ez da egongo, baina zerbitzu berria "eskuratzea" ahalbidetu nahi dute.
Zerbitzua Interneteko erabiltzaile euskaldunei zuzenduta dagoela azaldu dute sortzaileek –norbanako, elkarte zein enpresentzat–, eta urtea amaitu aurretik milaka e-mail kontu sortzea espero dute. Gainera, "pribatutasuna bermatuko" duela azaldu dute, izan ere, ez du iragarkirik ez, trackingik ezta komunikazio zifraturik ere: "Zerbitzuaren bereizgarrietako bat, beste zerbitzu batzuekin alderatuta, pribatutasuna da. Ni.eus posta zerbitzuak erabiltzaileen datuen pribatutasun eta segurtasuna bermatzen du: iragarkirik ez, trackingik ez eta komunikazio zifraturik; ez du inolako iragarkirik erakusten ezta erabiltzaileen erabileraren inolako jarraipenik egiten ere".
Bestetik, jakinarazi dutenez, "nonahi" erabil daiteke; sakelako telefonoan edo ordenagailuko posta programan konfiguratu daiteke eta online webmail bidez erabiltzeko aukera ere ematen du. Horrez gain, beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituela ere azaldu dute: "Zerbitzu osagarriak ere eskaintzen ditu: egutegia, helbide-liburua, berbideraketak eta askoz gehiago".