Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez, ez da adostasunik egon alderdien artean

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 14a, 15:15

Gaurko Alderdien Mahaiaren bilera

Lehendakaria alderdietako ordezkariekin bildu da gaur, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egin aztertzeko. Erkoreka Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Urkulluk gainerako alderdiak entzun ostean, "hausnarketa" egingo du, eta erabakia hartutakoan, herritarrei komunikatuko die.

Uztailaren 12a eta uztailaren 19a dira Jaurlaritzako legegileek proposatu dituzten datak, eta Erkorekak azaldutakoaren arabera, badaude "bermeak" hauteskundeak data horietan egiteko; "epidemia kontrolatzeko, botoa emateko eskubidea ziurtatzeko eta kanpainaren eta egunaren segurtasuna babesteko bermeak", hain zuzen ere.

EH Bildu eta Ahal Dugu alderdietako ordezkariak, ordea, ez datoz bat, eta Lehendakariaren jarrera salatu dute. Otegiren hitzetan, gaurko bilkura "antzerkia" izan da: "Hauteskundeak uztailean egiteko erabakia hartua zegoen". Gainera, herritarren "interesak inposatzea" egotzi dio Otegik lehendakariari: "Herritarrek ez dute bozetarako urgentziarik. Osasungintzan edota hezkuntzan sekulako arazoak daude, eta larritasun egoeran gaude". Miren Gorrotxategi Ahal Duguko Lehendakaritzarako hautagaiak ere ez dela hauteskundeak egiteko garaia iritzi du, eta ituna sortzea lehenetsi du: "Euskadirentzako ituna sortu nahi dugu. Erakundeek, alderdiek, eragile sozial eta zibilek krisiaren ondoko talka eta berreraikitze-planei buruz hitz egiteko eta neurriak proposatzeko".

Erabakia datozen egunetan

Bigarren eta hirugarren indar politikoak hauteskundeak ez egitearen alde agertu diren arren, Urkulluk ez du bere proposamenarekin atzera egin, eta datozen egunotan erabakia hartu eta herritarrei helaraziko die. Bestetik, hauteskundeak egiteko, larrialdi egoera altxatu beharko da, eta oposizioaren ustez hori "arduragabekeria" litzateke.

Prozedurari erreparatuz gero, Lehendakariak hauteskundeak deitzeko gobernu kontseiluari jakinarazi beharko dio erabakia, astearteko ohiko kontseiluan edo asteartea baino lehen egindako ezohiko kontseilu batean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak