Jon Sarasuak idatzi du abestiaren letra, eta Josu anaiak jarri dio musika. Dena den, ondoren, familiako gainerako kideek ere beraien alea jarri dute abestia sortzerako orduan. Itxialdia "zorrotzagoa" zenean otu zitzaien abestia egiteko ideia, eta familiako kideek –bakoitzak bere etxetik– abestia osatzen jardun dute. "Batzuk iparraldetik eta besteak hegoaldetik. Eskoriatzatik, Aretxabaletatik, Itsasutik… Bakoitzak bere etxetik egin du; egun aukera hori ematen digu teknologiak", azaldu du Jon Sarasuak.
Abestiaren mezua
"Gutxi" hitzarekin jokatuz "begiratu luze" bat eman nahi izan diote garaiari, eta horretarako abestiak bi zati dituela azaldu du Jon Sarasuak. Alde batetik, pandemia iritsi aurreko garaiari erreferentzia egiten zaiola adierazi du: "Gure klase ertainari egindako interpelazio bat da; autointerpelazio bat. Koronabirusa etorri aurretik aldaketarako arrazoiak bazeudela kontatzen du abestiak lehenengo zatian". Bigarren zatian ordea, pandemia aipatzen da, eta egun jendartean dagoen "galdera nagusia" egin nahi izan dute sarasuatarrek: "Beste bizimodu eredu bat aztertzeko balio izango al du egoera honek?"