Uxue Iparragirreren eta Eider Egañaren Eibar, lehenengo mailara

Xabier Urtzelai 2020ko mai. 7a, 18:33

Eibarren denboraldi hasierako talde argazkia; datorren urtean lehenengo mailan izango dira.

Espainiako Futbol Federazioak bukatutzat eman du aurtengo liga. Hala, talde armagina emakumezkoen futbol talde onenekin lehiatuko da hurrengo denboraldian, Lehen Mailan. Talde horretako jokalari dira Uxue Iparragirre antzuolarra eta Eider Egaña oñatiarra.

Eibarko emakumezkoen taldeak Iberdrola ligan jokatuko du datorren denboraldian. Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesek lurraldeetako federazioei jakinarazi die futbol ez-profesionaleko liga guztiak bertan behera uzteko proposamena egingo diola Zuzendaritza Batzordeari. Bihar, egubakoitza, Ordezkarien Batzordean berretsiko dute erabaki hori. 

Uxue Iparragirre antzuolarra eta Eider Egaña oñatiarra. Argazkia: Eibar SD.

Proposamen horretako ondorio nagusietako bat izango da Eibar Lehen Mailara igoko dela. Berez, Athletic B dago lehen postuan, 48 punturekin, baina maila nagusian beste talde bat duenez, talde zuri-gorria ezin da igo, eta sari hori Iker Dorronsorok zuzentzen duen Eibarrek jasoko du. Talde armaginak 46 puntu zituen sailkapenean, pandemiaren ondorioz liga bertan behera geratu zenean.

Hala, azken tramitea egitea falta da, ordezkarien batzordeak erabaki berrestea, eta tramite hori beteta 2020-2021 denboraldian hiru euskal talde egongo lirateke maila gorenean: Athletic, Reala eta Eibar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak