"Irailetik aurrera familia askok arazoak izango dituzte hipoteka zein alokairua ordaintzeko"

Maialen Regueiro 2020ko mai. 7a, 17:43

Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformako kidea da Juan Luis Merino eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza librea alokatzeko abian jarri duen diru-laguntzen ezohiko programaren inguruan mintzatu da. Laguntza gisa ematea proposatu den diru kopurua "nahikoa ez" dela adierazi du. Izan ere, plataformak eskatzen duena da, 250 euroko laguntza eman beharrean, Espainiako Estatuak emango dituen 900 euroak ematea. Merinok azaldu du, gainera, irailetik aurrera familia askok arazoak izango dituztela hipoteka zein alokairua ordaintzeko.

Merinok dio, Jaurlaritzak proposatutako diru-laguntzak "aurrekontu itxia" duela eta berau amaitzean ez dela "laguntza gehiago egongo". Horrekin batera adierazi du, herritarrek hainbat baldintza bete behar dituztela laguntza jasotzeko eta baldintza batzuekiko desadostasuna ere agertu du: "Laguntza eskatu aurretik bete beharreko baldintzetako bat da etxebizitza batean etenik gabeko urte bat bizi izatea. Hiri handietan bizi diren familia askok esate baterako, hainbat arrazoiengatik etxebizitzaz sarri aldatu behar izaten dute eta horrek laguntza jasotzea eragotziko die".

Etxebizitza "eskubide bat" 

"Legeak adierazten duen moduan, etxebizitza eskubide bat da", adierazi du Merinok eta aipatu du, Jaurlaritzak arlo horretan "laguntza ekonomiko urriak eta diskriminatzaileak" eskaintzen dituela, "etxebizitzak pribatizatzen" dituen bitartean. Horregatik, Jaurlaritza etxebizitza publikoak eratzeko gai izan behar dela dio, herritarrek etxebizitza duin bat izateko eskubidea dutelako.

Etxegabetzeen egoera

Alarma egoeran etxegabetzeak gauzatu ezin badira ere, Merinok Debagoieneko egoera zein den azaldu du: "Egoera ez da txarra, ezta ona ere. Arrasaten esate baterako, lau kasu daude, baina alarma egoeragatik ezin dira gauzatu". Horrekin batera, banketxeek azkenaldian hartutako jarreraz mintzatu da: "Banketxeak estrategia aldatzen hasi dira, jabeekin negoziatuz, baina beti beraien mesedetan negoziatzen dute".

Hipoteka eta alokairua

Merinok epe-laburrera familien egoera zein izango den azaldu du: "Uztailean edota irailean, familia askok ez dituzte diru-sarrerak  izango eta horregatik ezingo dituzte hipotekak eta alokairuak ordaindu. Etxebizitza pribatuetan, alokairuan bizi diren familiek, jabearekin negoziatu beharko dute alokairuaren prezioa, baina orokorrean, ez ordaintzeak areagotu egingo dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak