Internet bidez nortasuna ordezkatuta egin diren iruzurrak areagotu egin dira Gipuzkoan

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 28a, 15:58

2019ko urtarriletik martxora arte nortasuna ordezkatzeagatik 59 salaketa jaso dira  Gipuzkoan, eta azken hilabeteetan zifrak gora egin duela azaldu du Ertzaintzak. Guztira 1,7 milioi euroko kaltea eragin dute delituok.

‘Man in the middle’ edo ‘CEO iruzurra’ izenez ezagunak diren nortasuna ordezkatzeko delituek gora egin dutela jakinarazi du Ertzaintzak.

“Hackeatzea” edo identitatearen ordezkapena biktimei bidalitako mezu elektronikoen bidez egiten dute iruzurgileek. Modu horretan, biktimaren korrespondentzia elektronikoa aldatu eta banku-kontuak manipulatzen dituzte.

Kontuak kontrolatzeko, delitugileek malwarea duten gailuak edo phishing teknikak erabili ohi dituzte. Izan ere, teknika horiek biktimaren gailuko gakoak eskuratzeko balio dute, eta horrenbestez,  gailua urrutitik kontrolatu ahal izateko.

Ertzaintzaren gomendioak

Enpresei, erakundeei eta herritarrei adi egoteko deia egin die Ertzaintzak, eta  iruzurrak saihesteko eta egoerari aurre egiteko aholku eta babes-neurriak gomendatu ditu.

Posta elektronikoko estekarik ez jarraitzeko gomendatu du Ertzaintzak, eta igorle ezezagunez ez fidatzeko esan du. Bestetik, konexio seguruak bermatzeko wifi konexio irekiak saihestea gomendatu du, uneoro konexio seguruak bermatzeko. Pasahitzei dagokienez, eguneratuta izateko eta aplikazio bakoitzerako pasahitz desberdinak jartzea komeni dela dio.

Bukatzeko, transferentzia-agindua ematen bada, egiazkotasuna beste metodo batzuen bidez egiaztatu behar dela esan du Ertzaintzak, adibidez, telefonoz edo aurrez aurre, eta banku elektronikoa erabiltzea lehenetsi du ordezkapenak saihesteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak