Osoko bilkurak modu telematikoan egiten hasi dira hainbat herritan

Eneko Azurmendi 2020ko api. 24a, 14:30
Eskoriatzako osoko bilkura telematikoa.

Ezohiko egoera hau eragina izaten ari da Debagoieneko udaletako osoko bilkuretan ere. Arrasaten, esaterako, eguaztenean egin zuten, eta, hasiera batean modu telematikoan egiteko asmoa bazuten ere, azkenean, presentziala egin zuten, baina zinegotzi kopuru mugatuarekin –talde guztietako ordezkariekin– eta idazkariarekin.

Streaming bidez eman zuten, kazetariek eta herritarrek aretoan egoterik ez zutenez Internetetik jarraitu ahal izateko.

Bergaran, alarma egoera ezarri zenetik ez da oraindik osoko bilkurarik egin. Martxoaren 30ean zen egitekoa alarma egoera ezarri osteko lehena, ohiko deialdian, baina atzeratzea erabaki zuten. Hurrengoa apirilaren 27an egingo dute, hau ere ohiko deialdian, eta telematikoki. Hasiera baten, behintzat, Bergarako udalbatza osatzen duten 17 zinegotziek hartuko dute parte eta modu publikoan zuzenean ikusteko aukera bermatuko dute. Kazetariek bilkura zuzenean jarraitu eta ondoren galdetzeko aukera izango dutela ere adierazi du Udalak.

Oñatiri dagokionez, martxoko osoko bilkura telematikoki egin zuten, bakoitzak bere etxetik. Bilkura grabatu egin zuten osorik, eta gero, plataforma batean jarri zuten ikusgai, gako batekin. Apirilekoa ere modu berean egingo dute, datorren eguenean.

Aretxabaletan, bestalde, bi hilabetean behin egiten dute, eta, martxokoaren ostean, maiatzaren 14an egin behar dute hurrengoa. Seguruenik, telekonferentziaz egingo dute han ere.

Eskoriatzan, apirilaren 1ean egin zuten ezohiko egoera honetako lehen osoko bilkura, telematikoki, eta gero, Udalaren webgunean eman zuten onartutako puntuen berri.

Antzuolan, datorren martitzenean egingo dute hurrengo osoko bilkura eta hau ere telematikoki egingo dute, zinegotzi guztiekin.

Aramaion, martxokoa ez zuten egin, eta, apirilekoa datorren eguenean egitea tokatzen den arren, oraindik ez du ezer jakinarazi Udalak.

Elgetan ere bi hilean behin egiten dute osoko bilkura, eta, beraz, ezohiko egoera honetan ez dute oraindik egin, ezta Leintz Gatzagan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak