Ikasleek bizi duten "ziurgabetasun egoera" azaldu dute Ikasle Abertzaleek

Maialen Regueiro 2020ko api. 22a, 19:18

EHUko Leioako kanpusa.

Ikasle Abertzaleak erakundeak programa bat aurkeztu du ikasleek bizi duten egoera azaltzeko. "Ziurgabetasun egoeran" daudela adierazi dute eta hezkuntza sailak ikasturte amaierara begira aurkeztutako neurriekin egoerak berdin jarraituko lukeela azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak ikasturte amaierara begira aurkeztu duen programan jorratzen den gaietako bat, online ikasketak dira eta horren inguruan honakoa eskatu dute Ikasle Abertzaleek: "Online ikasketa plana bertan behera uztea eta jardun akademikoa mugatzea ikasketa bakoitzean ezinbestekoa den eta horren ikasketa posible den materialaren lanketara. Horrekin batera, online klaseak derrigorrezkoak ez izatea, baina edukiaren lanketarekin jarraitzeko aukera izatea eskatzen dugu".

Online ikasketei lotuta dagoen ebaluazioaren harira, berriz, honakoa eskatu du: "Online ikasketa bitartez landutako edukiaren gaineko ebaluazio mekanismoen balio akademikoa bertan behera geratzea.

Ohiko "selektibitate eredua bertan behera"

Aurtengo selektibitatea uztailean egingo dela jakinarazi du hezkuntza sailak eta honen harira, honakoa eskatu dute Ikasle Abertzaleek: "Ohiko eredua bertan behera geratzea eta azterketa horien ordez, ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea".

Ordainketak eta soldatak

Matrikulen ordainketen harira ere, hainbat neurri hartzeko eskaera egin dute Ikasle Abertzaleek aurkeztutako programan: "Unibertsitateak, Lanbide Heziketak edota ikastetxeak itxita egon diren epeko matrikulengatik ordaindutakoa itzultzea eta hemendik aurrerakoa ez ordaintzeko neurriak hartzea. Horrekin batera, ikasle pisu eta erresidentzien alokairua bertan behera uztea eskatzen dugu".

Lanbide Heziketa dualeko ikasleen soldatak ere aipatu dira programan eta ikasle guztiek soldata jasotzeko neurriak aplikatzea eskatu dute, ikasle horien praktika egutegia errespetatzearekin batera.

Bestalde, eskatu die agintari politiko eta hezkuntza arduradunei, ikasle langileekin elkarrizketa mahaiak osatzea, egoera kudeatzeko.

Hezkuntza sailaren neurri berriak

Gauzak horrela, hezkuntza sailak hartutako azken neurrien inguruan ere mintzatu da Ikasle Abertzaleak erakundea, honakoa aipatuz: "Uste dugu ikasturtea amaitzen doala, baina ez dakigula nola ebaluatuko gaituzten eta zein eduki sartuko diren hiruhileko honetan, hori erabakitzearen ardura ikastetxe bakoitzarena izango delako. Horregatik, ikasleak hasierako egoeran jarraitzen dugu, ziurgabetasun egoera batean". Hala ere, jakinarazi dute ikastetxez ikastetxe, aurkeztutako programaren inguruko eskaera zehatzak egiten ari direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak