Ikasleen beharrak asetzeko jarri dute martxan Ikasle Babes Sarea. Bi laguntza mota eskaintzen dute: batetik, ikasketa-laguntza eta bestetik, apunte-bankua.
Ikasketekin dituzten zalantzak argituz
Bigarren hezkuntzako –DBH eta Batxilegoa– eta unibertsitateko ikasleei ikasketekin dituzten zalantzak argitzeko ikasketa-laguntza da eskaintzen dutena. Horretarako, unibertsitateko ikasle talde bat hainbat irakasgai lantzen ari dira, laguntza eman ahal izateko. Fisika, kimika, teknologia, marrazketa teknikoa, biologia, geologia, matematika –gizarte zein zientzien arlokoa–, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, latina, grekera, filosofia, historia, artearen historia, ekonomia eta geografia izango dira ikasgaiak. Laguntza behar duenak uibnazionala@gmail.com helbidera idatz dezake, edo 688 64 66 97 telefono zenbakira deitu; bestalde, Twitter (@UIBnazionala) edo Instagram (@uib_nazionala) sare sozialetara ere idatz daiteke.
Apunte-bankua osatzen
Bestetik, apunteen bankua osatzeko hainbat ikasgaietako apunteen bilketa egiten ari dira IBSko kideak, ikasteko materiala edonorentzat Interneten eskuragarri jarri ahal izateko. Apunte-banku hau aurrera eraman ahal izateko garrantzitsua da mezua zabaldu eta aukera duenak ekarpena egitea uibnazionala@gmail.com helbidera idatzita.