Covid 19 positibo

Baleike 2020ko api. 15a, 12:15

Itsaso Gaztañaga eta Iñigo Garaizabal, Medikuntzako 5. mailako ikasleak dira eta Baleikeren bitartez COVID-19ari buruzko artikulu hau idatzi dute.

Jada hilabete batzuk badira lehen aldiz Koronabirusaren berri izan genuenetik. Hasieran batetan, gurekin bat ez zetorren arazoa zela pentsatzen genuen arren, uste baino lehenago izan genuen ate joka gurean; eta ez hori bakarrik, agerraldi honen aurrean geundela konturatzerako etxeraino sartu zaigu. Ohartzerako, 5 aste goaz gure etxeetan sartuta, eta Koronabirusa da gure egunerokotasunaren jaun eta jabe. 21.mendeko pandemia berria.

Telebista edo irratia piztu eta egunero hamaika datu berri aurkezleen ahoetatik: 600 hildako gehiago gaur Espainian, zahar etxe bat gehiago koronabirusaz kutsatuta, PCR-ak eta test azkarrak gora eta behera, kurbaren pikoa, estabilizazio fasea...

Datuak etengabe aldatzen doaz eta ziurgabetasuna sortu du gure artean; medikuntzaren inguruan ia ezer hitz egitetik gure eguneroko elkarrizketen erdigune bihurtu dira PCR-ak, kutsadura kurbak eta beste hamaika terminologia mediku nahiz epidemiologiko.

Orokorrean, ez da erraza egunotan gertatzen ari dena ondo ulertzea eta zalantzaz betetako garai hauetan egunero entzundako datuek beldurra eta atsekabea sortzen duten askorengan.

Koronabirusaren gaiari buelta batzuk eman dizkiogu guk ere, medikuntzako 5.mailako 2 ikaslek, eta datu berri eta ilunak alde batera utzita, COVID-19 krisiaren alderdi positiboena helarazten saiatu gara, pandemiaren nondik norakoa ulertzen hasteko, oinarrizko kontzeptuak landuz.

Goazen ba!

1. ZER DA KORONABIRUSA?

Modu erraz batean, gure pandemiaren protagonista zuei aurkezten saiatu gara. Birusa zer den ulertu gabe, zaila da eta pandemia bera ulertzea.

Zer da birus bat?

Koronabirusa, gure inguruan dauden beste hainbat eta hainbat mikroorganismo bezala, birus bat da.

Birus bat partikula oso txiki bat da, begi hutsez ikusi ezin daitekeena.

Guztiak material genetiko deiturikoa dute barnean DNA edo RNA moduan eta proteinaz osatutako geruza bat material genetiko hau inguratuz. Ez dira beraien kabuz ugaltzeko gai, eta horregatik beste organismoren bat behar dute ugaldu ahal izateko.

Mota ugari daude eta nahiz oinarrizko egitura berdina izan, oso desberdinak dira beraien artean. Batzuk zabaltzeko gaitasun gehiago dute, besteak hilkorragoak dira; eta eragiten dituzten organoak ere ez dira berdinak: hainbatek digestio aparatua erasan eta beherako bat eragin dezakete adibidez, beste batzuk ordea arnas klinika ematen dute (Koronabirusaren kasuan bezala) eta horrela, hamaika bariazio daude birusen artean.

Gorputzak, mikroorganismo arrotz hau gure gorputzean sartzean, sistema immunearen bidez ezagutu eta honen aurka egingo du eraso. Batzuetan borroka irabazi eta beraz pertsona ez da gaixotuko; beste batzuetan aldiz birusak gorputzean zabaltzea lortu, eta klinika zehatz bat sortuko du.

Zer da SARS COV-2a?

SARS COV-2- a da azken pandemia honen sortzailea, eta birus honek sortutako gaixotasunari COVID-19 deitu zaio. Koronabirus familiako birus bat da, materia genetikoa RNA motakoa du eta bere jatorria ezezaguna den arren, hipotesi nagusien arabera animalietatik gizakietara pasa da. Epidemia, Txinan hasi zen, Hubei probintziako hiriburuan, Wuhan-en. Bertako merkaturen batean, birusa animalietatik gizakira pasa zela pentsatzen da, baina esan bezala, ez dute oraindik ezer frogatu.

Koronabirus honek, bere familiako beste birusek bezala, arnas aparatua erasaten du, ondoriozko arnas klinika emanez. Birusarekin kutsatutakoen gehiengoak sintomarik izaten ez dutela ikusi den arren, sintomak ematekotan sukarra, eztul lehorra eta arnas zailtasuna dira ohiko sintomak. Kasu larrietan bi biriketako pneumonia, arnas gutxiegitasuna eta kasu batzuetan heriotza bera ere eragin dezake.

Birusa oso kutsakorra da, eta pertsonaz pertsona transmititzen da, gaixo batek arnas beheran edo eztul egitean sudur eta aho bidez jaurtitako arnas tanta bidez. Tantatxo hauek objektu eta gainazal desberdinetan gelditu daitezke, eta pertsona batek eskuekin ukitu eta ondoren sudur edo ahoa ukitzean kutsatuz. Horregatik eskuak etengabe garbitzearen eta eztul edo doministiku egitean ukondoarekin ahoa estaltzearen garrantzia.

Birusarekin kutsatu eta gero, kasu gehienetan, sintomak 5-6 egunetara agertzen dira. Kasu arinetan, 7 – 10 egun irauten dute sintomek, eta okertzen diren kasuak ere astearen bukaeran egiten dute. Heriotzei dagokionez, sintomekin hasi eta 7 -10 egun igarota ematen dira. Beraz orain ikusten ari garen heriotzak gaur 15 kutsatutakoak dira. Horrela, zenbakiei bakarrik behatuta, gaitzaren atzetik joango gara beti.

2. DIAGNOSTIKO FROGAK

PCR (Polimerasa kate erreakzioa) birusaren material genetikoa aurkitzea da froga honen helburua. Horretarako, arnas bideko laginak (muestra) edo karkaxa (esputo) hartu behar da eta laborategian laginak duen material genetikoaren anplifikazioa edo “erreplikazioa” burutzen da. Honela, lagin horretan birusaren material genetikoa agertzen den edo ez aztertzen da. Froga honen bidez patogeno askoren diagnostikoa burutzea posible da baina denbora hartzen duen prozedura da. Nahiz eta test azkarra baino fidagarriagoa izan, ez da guztiz sentsible eta espezifikoa, beraz, zenbait kasutan akatsak ere eman ditzake.

Test azkarrak: ​haurdunaldiko frogen antzekoak dira. Oraindik garapenean dauden frogak dira, pandemiarekin batera garatzen joan baitira. Kasu honetan, laginak odola edo karkaxaren bidez lor daitezke. Odolean gure antigorputzak (ea birusaren aurkako erreakziorik eman den) eta karkaxean birusaren proteinarik azaltzen den aztertzen da. Froga hauen bidez emaitzak azkarrago lor daitezke baina gaixoa oso denbora gutxi baldin badoa sintomekin posible da frogak negatibo ematea nahiz eta infekzioa izan.

Zorionez, azken egunotan EHU/UPV-ko ikerlariek PCR antzerako beste froga baten bidez, ​RT- PCR, gaixotasuna diagnostikatzea lortu dute. Badirudi sentsibleagoa dela eta material aldetik eskuragarriagoa. Beraz, ikus daiteken moduan etengabeko aurkikuntza eta aurrerapenak ikusiko ditugu alor honetan.

3. ZEIN DIRA OSASUN MUNDUAN SORTUTAKO GALDERAK?

Pandemia gurean lasaitzen doan heinean, galdera berriak sortuz doaz: eta konfinamendua bukatzean zer? Brote berriak agertuko al dira? Dagoeneko gaixotu den pertsona bat berriz gaixotu ahal daiteke? Galdera ugari daude, erantzunak berriz ez horrenbeste.

Immunizazioa garatzen al da?

Immunizatuen txartelen inguruan hitz egiten da aspaldi honetan, baita egin nahi dituzten test masiboetaz, populazioa immunizatua dagoen hala ez jakiteko. Baina zer da immunizatua egotea?

Gizaki batek, birus batekin kontaktua izatean, gorputzak sistema immunea aktibatuko du birusari aurre egiteko. Sistema immune honek, kasu batzuetan memoria moduko bat sortuko du eta horrela birus berdina berriz pertsona hori kutsatzen saiatzean, jada bere sistema immuneak hau ezagutzen duenez, bere aurka bizkorrago egin eta gorputzean zehar zabaltzea ekidingo du. Horrela, pertsona ez da berriz gaixotuko.

Horrela gertatzen da adibidez Barizelaren kasuan, ume batek barizela behin izatean, ez da gaixotasunaren beste agerpen bat emango, izan ere sistema immuneak memoria hori sortu eta ez dio birusari zabaltzen utziko.

Beste kasu batzuetan ,immunitate sistemaren memoria hori ez da “perfektua” izango eta horrela birusak pertsona berdina berriz kutsatzea lortzen du. Baina bigarren kutsadura horretan, sistema immuneak nolabaiteko memoria duenez, bigarren kasuan emandako klinika askoz arinagoa izango da.

Gure gorputzak SARS COV 2aren aurrean sortzen duen memoria aztertzea garrantzitsua da beraz. Horrela dagoeneko gaixotasuna pasa duen pertsona bat, berriz gaixotu daitekeen ikusteko. Eta gaixotzekotan, ea klinika hori arinagoa izango den edo ez. Hala ere, oraindik guztiz demostraturik ez dagoen alderdia da.

Aurkituko ahal da tratamendu eraginkorren bat?

Birusarekin kutsatzen den gehiengoa asintomatikoa dela ikusi dugu, eta sintomak garatzen dituztenen artean gehienek sintoma arinekin pasatzen dute gaixotasuna.
Baina bada ehuneko bat aurrera egin eta pneumonia larria garatzen duena, arnasgailu mekanikoen beharra duena eta gaixotasunari aurre egitea lortu ez, eta hil egiten dena. Pandemiaren alde beltzena erakusten ari den ehunekoa.

Imaginatu eboluzio txarra izango duten paziente horiek aurrez identifikatzeko modu bat badela? Eta hauei tratamendu baten bidez eboluzio txar hori saihestea lortzen dela?

Honetan dabiltza osasun profesionalak, eta tratamendu bat bilatzeaz hitz egitean helburu nagusia birusaren larriagotzea saihestea izango da. Horrela pandemiaren hilkortasuna, konplikazio tasa eta honen ondoriozko ospitaleratze eta unitate intentsiboetako ingresatuen kopurua gutxituz.

Birusa tratatzeko protokoloak etengabeko aldetak jasan dituzte asteak aurrera joan ahala. Orain momentuan, antierretrobiralak ( HIES-aren aurkako tratamenduan erabiltzen diren farmakoak) eta kortikoideak ( antiinflamatorio gisa) erabiltzen ari dira beste farmako batzuekin batera.

Eta txertoarekin zer?

Beste galdera potoloetako bat da. Pandemiari bukaera emango dion arma nagusietako bat da txertoa. Baina zer egiten du txerto batek zehazki?

Txertoak, birusaren osagaietako bat edo birusa bera erdi hilik gorputzean sartzen du eta sistema immunearen aktibazioa eragiten du. Horrela, sistema immuneak lehen aipatutako birusaren memoria eskuratuko du, pertsonak gaixotasuna pasatu beharrik gabe.

Horrela, txertatuta dauden pertsonak, berriz birusarekin kontaktua izatean, gorputzak jada memoria garatu duenez, ez gu gorputzean zabaltzea lortuko.

Birusak mutatuko al du?

Arestian aipatu bezala, birus bat material genetikoz eta proteinazko geruza batez osatua dago. Mutazioez hitz egiten dugunean, birus horren material genetikoan ematen diren aldaketez hitz egiten dugu. Material genetiko horretan aldaketa bat ematean, birusean aldaketa bat edo batzuk emango dira.

Birus batzuk, Gripearen birusa adibidez, mutazio ugari izaten dituzte eta ondorioz birusa etengabe aldatuz doa. Horregatik zenbait kasutan Gripearen aurkako txertaketa ez da izaten hain eraginkorra.

Beraz, gure SARS COV-2aren mutatzeko gaitasuna aztertzea garrantzitsua izango da, horrela, denboran birusa aldatzeko arriskua dagoen edo ez ikusteko.
Eta ez hori bakarrik, birus bat asko mutatuz gero, birusak berriz organismoa kutsatzean, pertsonaren sistema immuneak ez du birusa ezagutuko, ordurako birusak aldaketa ugari izan baititu eta beraz pertsona behin baino gehiago gaixotu ahalko da.

SARS COV 2ari dagokionez, badirudi gripea baino mutazio ahalmen gutxiago duela ikusi da eta beraz txerto bakar batekin pandemiari bukaera emango zaiola espero da. Horrez gain, iturri desberdinen arabera ez ginateke gehiegi kezkatu beharko mutazio hauen inguruan. Datu positiboak dira honako hauek.

4. DATUEN INTERPRETAZIOA

Zalantzarik gabe azken hilabeotan jaso dugun tsunamirik handiena, komunikabideen bidez iritsi zaizkigun datu eta zenbakiak izan dira. Esaterako, Txinako heriotza kopurua (3340), Alemaniako heriotza tasa ( %1 inguru). Egiazkoak ote dira?

Egungo egoera ikusita, datuek eta grafikoek ñabardura edota asterisko asko izan ditzazkete. Hasteko ea zenbaketa nolakoa den ( ea zein heriotza hartzen diren birusaren ondoriozko eta zein ez, zaharren egoitzetakoak zenbatzen diren edo ez..). Bestetik, datuak erakusteko moduaren arabera ( kopuru erlatiboak, absolutuak, adinaren arabera doituak..) oso ezberdinak izan daitezke interpretazioak. Egia da ere zenbat eta asintomatiko kopuru handiagoa diagnostikatu gaixo gisa, hildakoen proportzioa aldatzen dela.

Orokorrean esaten da zenbakiak objetiboak direla, bai noski, baina beti ere iturri edota jatorri fidagarri batetik baldin badatoz. Izan ere, egun estimazio eta gerturatze ugari egiten dira, errealitatean dagoen kutsatuen kopurua zehatza ezin baitaiteke jakin (kasu askotan) test-ak ez baitira populazioaren ehuneko handi batean burutzen. Ondorioz, aurkezten dizkiguten grafiko eta datuek errore (sesgo) ugari onartzen dituzte. Beraz, ikuspegi kritikoa izatea beharrezkoa da egoera aztertzerako orduan eta ez sinistea saldu nahi diguten guztia.

5. COVID 19 POSITIBO

Egoera guztietan bezala, honetan ere egoeraren alde txar edo onetan jarri dezakegu gogoa. Birusak zorigaitz ugari ekarri duela dudarik ez dago, baina gizartearen alde gizatiarrena ere atera du, ingurura begiratu besterik ez dago.

Etengabeak dira sarean, ahots, musika instrumentu, kantu bidez zabaldutako animo mezuak. Zortzietako txalo zaparradak leiho eta balkoietan eta umeen margoak zintzilika “dena ondo aterako da”.

Abian jarritako boluntario sareak: Gurutze Gorria, arrisku taldeko pertsonei erosketak egiten dizkieten bolondresak, 3D inprimagailu bidez maskarak ekoizten dabiltzan pertsonak, dirua eta materialen dohaintza egin dutenak. Eta egunero – egunero ikusten ditugun beste hamaika adibide.

Planetak ere arnasa hartu du. Ero moduan korrika zihoan gizarteari STOP botoia sakatu eta planeta eta bere bizidun askok atseden hartu dute. Udaberria zoratzen dago, eta hegazkinez betetako zeruetan izarrak baino ez dira ageri, burrunda besterik ez zen mendietan animaliak nagusitu dira, eta CO2 isuriek nabari egin dute behera.

Eta nola ez, egunero borrokan dabiltzan ospitale, osasun zentroetako eta zahar egoitzetako langileen, oinarrizko hornikuntza bermatzen dabiltzan eta koronabirusaren aurkako borrokan lehen lerroan dauden guztien etengabeko lan eta borondate ona.

Mezu nagusi bat gure artean: denon artean lortuko dugu.

6. MEDIKUNTZAREN ALDETIK DATU ITXAROPENTSUA

Ziurgabetasuneko garai hauetan, dena ez da dirudien bezain beltza, mundu osoko osasun ikerlariak buru belarri dabiltza pandemiari nola aurre egin pentsatzen eta bide onetik doazela dirudi.

Medikuntzak aurrerapauso handiak eman ditu azken urte hauetan, eta inoiz baino gaitasun handiagoa dugu osasun arazoei aurre egiteko.
Osasun ikerketaren konpetentzia maila ikusteko, Euskal Herria mailan bakarrik, Osakidetzak, bere inbestigazio institutuen bitartez Koronabirusari aurre egiteko 60 proiektu edo entsegu klinikoetan hartzen du parte.

Tratamenduari dagokionez, mundu mailako ospitale desberdinetan dihardute lanean eta horietako batzuk emaitza itxaropentsuak eman dituzte. Geroz eta informazio gehiago izan birusaren inguruan, orduan eta gertuago gaude tratamendutik.

Txertoaren kasuan, munduko laborategi garrantzitsuenen artean lasterketa hasi da eta jadanik hauetako batzuk pertsonetan dabiltza frogak egiten.
Laborategi hauetan ekoizten diren txertoak desberdinak dira eta ondorioz etorkizunean beraien artean konparatzeko eta egokiena zein den ikusteko aukera emango digu.

Txertoa lortzeko bidea luzea dela behin eta berriro gogorarazten diguten arren, denbora errekorretan dabiltza pausoak ematen.

Adibide moduan, Ameriketako Estatu Batuetako osasun departamentuak eta Johnson and Johnson konpainiak, mila milioi euro jartzea adostu dute 2021. urtearen hasierarako prest egongo litzatekeen txertoa ekoizteko.

Oraindik goiz da arrakastez hitz egiteko, baina bide onetik doaz osasun erakundeak eta guk datu itxaropentsuei helduko diegu. 

7. HAUSNARKETA

Infekzio honek ez du pertsonon arteko inolako bereizketarik egiten; ez du inolako, lanbide, pentsamendu, klase sozial, etnia, arraza, herrialde eta muga errespetatzen. Hau da, guztiok berdintzen gaitu (badakigu honi aurre egiteko baliabideak ez direla berdinak noski). Honek azken urtetako joera indibidualista eta berekoia seko geratu du. Inoiz pentsatuko ez genukeen pentsamendu aldaketa egitera bultzatuz. Behingoz, “Ni”-a “Gu” bilakatu da, bakarkako jokabidea alde batera utziz eta pentsamendu kolektibo batengatik ordezkatuz. Kalera irtetzean norbakoaren osasunaz gain, ingurukoenena ere arriskuan jartzen baitugu.

Ez al gaitu gure balioen eskala birplantetzera eraman? Non daude hain famatuak eta ezagunak diren pertsonaia asko (izenik esan gabe bakoitzak bere adibidea aurki dezake)? Gutako ia denok bezalaxe etxean. Ekonomia eta lan mundua erabat geratu diren honetan, zein dira ezinbesteko beharrak asetzen dituztenak? Tamalez, betidanik izan dira ezinbestekoak eta gurengadik oso gertu ditugu; baina pandemia baten agerraldia behar izan al da hortaz konturatzeko?

Bestalde, horren harro egiten gaituen osasun sistema publikoari zer gertatu zaio? Horren ahula al da? Egia esan, zorionekoak gara osasun publiko eraginkor eta estaldura unibertsala bermatzen duena izateaz. Gure ustez, osasun sistema bera gaixo edota defentsak baxu dituela aurkitu du Koronabirusak. Azken urtetan, murriztapen ugari jasan ditu: langilego kopurua, oheak, baliabide, lan baldintzak...

Batez ere medikutzaren zutabe garrantzitsu batek egin du huts, ​prebentzioak​. Arazoa gurean genuela konturatzerako, jada birusaren atzetik gindoazen. Gainera, ez dugu gaitasunik egoera honi aurre egiteko behar diren babes neurri zein farmakoak guztiak hemen sortzeko, beste herrialdeekiko menpeko garelarik.

Osasun publikoaren hornikuntza etekin ekonomikoan onarrituta egon behar al da? Badirudi erantzuna argi geratu dela. Ez al ginateke burujabeak izan beharko osasun baliabideak sortzeko orduan?

Ildo beretik jarraituz, ikerketa zientifiko eta aurkikuntza berriek duten garrantzia agerian geratu da. Egia esan, azken urteotan nahiko ahaztuta egon den alorra da. Zenbat diru publiko bideratzen da? Zein kondizio dituzte ikerlariek? Zenbateko garrantzia/ errekonozimendu ematen zaio? Egungo jarduera asistentziala eta farmakoen erabilera ebidentzia zientifikoan oinarritzen da, hau da, aurretik ikertua eta demostratua dagoen hori baino ez da aplikatzen. Ikerketa hauek prozesu luze eta nekezak dira eta horretaz gain, gastu ekonomiko handia suposatzen dute. Beraz, honetan lana egiten duten farmazeutikek zer bilatzen dute? Etekin ekonomikoa noski. Ondorioz, ekonomiko errentagarria ez den patologia bat (gaixotasun arraro bat esaterako) nork ikertuko du? Hemen dago finantziazio publikoaren benetako garrantzia.

Uste dugu egoera honek norbanakoon gogoeta sakona eskatzen duela. Ezin dela hilabete gutxi barru ahaztu eta ezer pasatu ez balitz bezala jokatu. Aspektu asko eta batez ere, gizarte edo sistema bezala dauzkagun gabeziak agerian geratu baitira. Hau guztia kontuan hartuz eta hauetatik ikasiz aurrera egiten badugu, gizarte bateratu eta hobeago batean bilakatzeko aukera dugu. Beraz, ez dezagun aukera paregabe hau galdu.

Espero dugu egoera honi ahalik eta azkarren aurre egitea eta ahal den tamainan ohiko normalatasunera itzultzea. Hala ere, itzulera zuhurra eta zentzuzkoa izan beharko du, bestela aurrerantz jo ordez atzera pausoak emango ditugu. Hau da, ez gaitezen zoro moduan irten.

Bien bitartean, besarkada handi bat azken asteetan zehar lehen lerroan zabiltzaten langile orori eta etxean jarraitzen dugunontzako animo asko.
Guztion artean lortuko dugu!

Bi ikasle.
Itsaso Gaztañaga eta Iñigo Garaizabal

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak