Aberri Eguna ospatzeko deialdi ezberdinak, guztiak balkoietatik

Mireia Bikuña 2020ko api. 8a, 19:45
Ikurrina, Aberri Eguna ospatzeko.

Ikurriñak balkoira atera eta koronaburisarekin hildakoak gogoratzeko dei egin du EAJk; Podemos Euskadik irrintziak botatzeko deia; eta Euskal Herria Batera kolektiboak elkarrekin kantuan egin eta argazkiekin mosaiko erraldoi bat osatzekoa. Azken horrekin bat egin dute EH Bilduk eta EH Baik. Ekitaldi horiek guztiak, domekan, hilaren 12an egingo dituzte. 

Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren aurrean, ezaugarri bereziak edukiko ditu 2020ko Aberri Egunak. Ikurriña erreferentzia moduan hartuta, alderdi politikoek deialdi ezberdinak egin dituzte, euren afiliatuen artean. 

EAJk Euskadi aurrera. Lortuko dugu! leloarekin egin du deialdia. "Koronabirusarekin hil diren pertsonak oroitzeko eta pandemiaren aurka lehen lerroan ari diren langileei esker ona adierazteko" eguna izango dela aipatu du EBBko presidente Andoni Ortuzarrek. Gaineratu du, alderdi jeltzalearen lehentasuna "herritarrak zaintzea eta babestea" dela. Domekako Aberri Eguna "berezia" izango dela azpimarratu arren, aurreko urteetan moduan, oraingoan ere, ikurriña balkoietan zintzilikatzeko gonbita egin die herritarrei.

Mosaiko erraldoia

Bestalde, Euskal Herria Batera kolektiboak etxeetatik ospatzeko deia egin zuen apiril hasieran, "elkarrekin kantuan eta argazkiekin mosaiko erraldoi bat osatuz". Hori horrela,   ikur bateratua osatzeko, bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin mosaiko digital erraldoi bat osatzea proposatu dute, Aberri Egunean bertan sare bidez zabalduko dena. Era berean,  Euskal herritarrak kantuan jartzeko deia ere egin dute: "denok batera kantuan egingo dugu, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz". Balkoi, leiho eta etxeak ikurrinez eta Nafarroako banderez apaintzeko deia ere egin dute.

Ekimen horrekin bat egin dute EH Bilduk eta EH Baik. "Euskal jendarteari igandeko ekimenean parte hartzeko" deia egiteaz gain, krisi sanitarioaren ondorioz sortutako elkartasun keinuak balioan ipini dituzte. "Etxeetako balkoiak eta leihoak elkartasun eta aldarrikapen gune bilakatu dira ezinbestean: osasun arloko langileen txalotzeko, indar okupatzaileen salatzeko, beste jendarte baten aldarrikatzeko, euskal presoei elkartasuna adierazteko... Birusak ez du eteten Euskal Herrian borrokarako grina", esan dute kaleratutako oharrean.

Irrintziak

Azkenik, Podemos Euskadik, domekan, 20:00etan, balkoietara txalo egitera irtengo diren herritarrei irrintzi egiteko eskatu diete. "Irrintzi eginez beraien koloreaz, erlijioaz, generoaz edo jatorriaz harago, pertsona guztiak aberri hori posible egiten dutela aldarrikatzeko; herritar garrantzitsuak eta beharrezkoak dira eta guztiok batera eraikitzen jarraituko dugu", esan du Euskadi Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak