Autolikidazio proposamenen %14,5 onartu dituzte errenta aitorpenaren kanpainako lehen egunean

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 7a, 17:42

2019ko errenta kanpaina abian da, eta atzo, apirilak 6, izan zen autolikidazio proposamenak onartzeko lehenengo eguna. Bidaltzen ari diren 257.714 proposamenetatik 37.405 onartu zituztela lehen 24 orduetan jakinarazi dute Foru Aldunditik, %14,5 hain zuzen ere.

Onartu direnetatik, 33.131 itzultzera dira (38,1 milioi euro) eta 4.274 ordaintzera (3,5 milioi euro). Honela, pasa den urteko kanpainan baino %18,7 aitorpen gehiago onartu direla jakinarazi du Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak: "Azken urtetan izan den hazkunderik handiena". Aitorpen proposamenak onartzeko epea uztailaren 29 arte izango da zabalik.

Aitorpen guztien %65 proposamen bidez

Kanpainan zehar aurkezten diren aitorpen guztien %65 inguru proposamen bidez egiten dela esan du Mendozak, hau da, Ogasunak egiten du aitorpena, eta zergadunari bidaltzen dio oniritzia emateko. Autolikidazio proposamenak egunotan dabiltza etxeetara bidaltzen baina webgunean ere ikus daitezke.

Bidalitako proposamena dagoenetan onar daiteke, edo aldaketekin. Aldatu daitezken kontzeptuak honako hauek dira: etxebizitzen alokairuen etekinak; lokalen alokairuen etekinak; ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria; dohaintzen kenkaria; eta sindikatuen kuoten kenkaria.

Bi modu daude proposamenak onartzeko: Internet bidez; edo telefonoz, 943 11 30 00 zenbakira deituta. Telefonoaren ordutegia honako hau da: proposamena aldaketarik gabe 08:00etatik 20.00etara da, eta aldaketekin, 08:00etatik 15.00etara. Onartu ahal izateko beharrezkoak dira NA eta autolikidazio proposamenean agertzen den kodea.

Internet bidezkoa, apirilaren 15ean

Errenta mekanizatua, ostera, atzeratuta dago datarik gabe, "egoera normaltzen den arte". Horregatik, hirugarren modalitatea erabiltzea gomendatu dute, hau da, Internet bidez aurkeztea, Zergabidea plataforma erabilita.

Internet bidezko modalitate hau apirilaren 15ean hasiko da, Aste Santu ostean. "Plataformara sartzeko B@k kodigoa eskuratzeko prozedura telematikoa dagoeneko prest daukagu, eta aitorpena beste pertsona batek aurkezteko ordezkaritza emateko prozedura ere modu telematikoan jarriko dugu", adierazi du Mendozak, eta herritarrak modalitate hori erabiltzera gonbidatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak