Burrunbada deitu du Zaldibar argituk, zabortegia jausi zenetik bi hilabete bete direnean

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 6a, 11:27

Gaur, apirilak 6, bi hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegia jausi zenetik. Eta haren azpian harrapatuta geratu ziren bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, oraindik ez dituzte topatu. Hori gogoan izan gura du gaur Zaldibar argitu! plataformak eta balkoietatik burrunba ateratzeko dei egin du, 20:30ean; ondoren, kandelak piztuko dituzte bi langileen omenez.

"Bi hilabete igaro dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Bi hilabete, bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabor azpian desagertuta daudenetik. Bi hilabete, gure osasuna arriskuan jarri zutenetik. Bi hilabete, erantzule zuzenak egon arren, erantzukizunak inork bere gain hartu ez dituenetik. Dagoeneko ez dakigu nola esan. Nahikoa dela. Aski dela", adierazi dute plataformako kideek prentsa-ohar bidez. Eta eskatu dituzte zabortegian gertatu zenaren gaineko azalpenak eta argibideak: "Egun zabortegian lanean dauden langileen segurtasuna bermatu behar dutela. Erantzukizunak argitu behar dituztela eta Iñaki Arriolak dimititu behar duela. Hondakinen kudeaketa eredua aldatu behar dutela".

Etxean konfinatuta egon behar izan arren aldarrikapenekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak, gaur, astelehena, 20:30ean: balkoietatik burrunba egin bost minutuz eta ondoren bi kandela (edo bestelako argiak) piztu Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen omenez.

Aldarrikapen argazkiak ondoren, sare sozialetara igotzeko dei egin dute: #zaldibarargitu, #joaquinetaalbertogogoan eta zaldibarargitu@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak