Pandemiak izango dituen efektuak izan ditu hizpide Aldundiak, Gipuzkoako alkateekin

Maialen Regueiro 2020ko api. 2a, 17:48
Aldundiak Gipuzkoako alkateekin izandako bilerako irudia

Aldundiko arduradunek Gipuzkoako alkateekin izan dute bilera gaur goizean eta helburua epe laburrean eta ertainean pandemiak izango dituen efektuei aurre egiteko hartutako neurriak partekatzea eta kontrastatzea izan da.

Alkateen proposamenak

Bileran alkateek hainbat proposamen egin dizkiete Aldundiko arduradunei eta Olanok herriekin "komunikazioa indartzeko" borondatea erakutsi du Gipuzkoak "ezohiko" egoera bati aurre egin beharko diolako. Horrekin batera, Olanok aipatu du, epe ertainera elkartasuna eta kolaborazioa izango direla lehentasunak, eta gehitu du, "modu koordinatuan eragitea eta lan egitea" dela gizartea eta enpresak babesteko modu eraginkorrena.

Dagoeneko hartutako neurriak

Dagoeneko honako hauek dira Aldundiak eta administrazioek hartu dituzten neurriak: fiskalak, 300 milioiko eragina izango dutenak; urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea ekainaren 1era atzeratzea autonomo, mikroenpresa, enpresa txiki eta irabazi asmorik gabeko elkarteei; enpresa txikietan telelana ezartzera bideratutako gastuak laguntzeko laguntza lerroa, 450.000 eurorekin; jarduera ekonomikoa bultzatzearekin lotutako dirulaguntzen programetan bete beharreko baldintzak malgutzea; Elkargik berariazko mailegu lerro bat abian jartzea; garapen agentziekin batera online plataforma bat sortzea, dirulaguntzak eskuratzea errazteko; 100.000 euroko zuzkidura duen dirulaguntza lerro berria, zerbitzu turistikoen sektoreko autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta; eta Aldundiak krisiaren ondorioz bertan behera geratzen diren ekitaldi, azoka edo jarduerak finantzatzeko hartutako konpromisoak betetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak