GOIENAk 'Gorabeherak' websail berria eskainiko du hamabostean behin

Goiena 2020ko mar. 27a, 08:00
'Gorabeherak' websaileko bi protagonistak lehenengo kapituluaren grabaketan.

Gertuko informazioa entretenimenduko edukiekin osatu nahian, GOIENAk ikus-entzunezko eduki berri bat eskainiko du gaurtik aurrera: Gorabeherak izeneko umorezko saila.

Gorabeherak atal laburrez osatutako umorezko sail berritzailea da. Kapitulu guztiak igogailu berezi batean gertatzen dira: hilberriak zerura ala infernura eramaten dituen igogailuan, hain zuzen ere. Bertan, igogailuzain xelebre bat izango da, Ramon, hurbiltzen diren hildako famatuei harrera egingo diena. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako.

Websaila Ttap aldizkari digitalaren lantaldeak ekoitzi du, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. GOIENAren webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berri hau ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileontzat.

Gorabeherak sailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten. Biek ere lan aparta egin dute, eta bereziki ikusgarria da Nereak atal batetik bestera jasaten duen itxuraldaketa, karakterizazio prozesu luze eta astunak pasatu ondoren. Atal laburrak eta pantaila txikian ikusteko pentsatuak badira ere, atzetik produkzio lan handia du Gorabeherak sailak.

Websaila Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesaz ekoitzi da. Laguntza horri esker, ekoizpena mimo handiz egin ahal izan da, eta emaitza ostiral honetan hasita ikusi ahalko duzue, hamabostean behin, GOIENAren webgunean, eta primizian, astebete lehenago Ttap aldizkarian.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan.

Erlazionatuak

'Gorabeherak': Mikel Laboa

Ttap aldizkaria 2020 mar 27 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak