Imanol Aguacil: "Aukera historikoa da"

Xabier Urtzelai 2020ko mar. 4a, 08:38
Realeko entrenatzaile Imanol Aguacil, atzoko prentsaurrean. Argazkia: realsociedad.com

Mirandesek eta Realak kopako finalerdietako itzuliko norgehiagoka jokatuko dute gaur, eguaztena (21:00) Anduva futbol zelaian. Realeko entrenatzaile Imanolek 22 jokalari sartu ditu deialdian: "Urte asko pasa dira finalik jokatu barik, eta partidu bakarrera gaude", adierazi du entrenatzaile txuri-urdinak. Athleticek, berriz, Granadan jokatuko du bihar, eguena, ordu berean (21:00).

Asier Illarramendi da salbuespena. Imanolek gainontzeko 22 jokalariak sartu ditu gaur Mirandesen kontra Realak jokatuko duen deialdirako, eta tartean dago Andoni Gorosabel arrasatearra. "Partidu historikoa da guretako, urte asko pasa direlako finalik jokatu barik", adierazi du Imanol Aguacil entrenatzaileak prentsaren aurrean. "Zaleak izugarrizko ilusioarekin daude, kopa izugarria jokatu dugu eta azkena falta zaigu".

"Bi gol beharko ditugu" 

Reala garaipenaren bila zelairatuko dela argitu du oriotarrak, "ez dakigulako beste modu batean jokatzen. Eta gainera, uste dut gol askoko partidua izango dela, bi taldeek zelan jokatzen duten ikusita. Guk gutxienez bi gol egin beharko ditugu, eta mezu hori helarazi diet jokalariei". Taldeak Kopan egindako ibilbidean gol mordoa egin ditu, partidu guztietan egin ditu bi gol edo gehiago, eta Realeko entrenatzaileak uste du Anduvan ere horretarako kapaz izango direla. Nahiz eta garbi duten partidu gogorra izango dela.

Mila realzale Anduvan

Realeko zale kuadrilla polita joango da gaur Anduvara. Zaleek zailtasun handiak izan dituzte sarrerak lortzeko eta guztira mila lagun inguru batuko dira Mirandan. Eta, tartean egongo dira Debagoieneko zaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak