Oholtzan kaleko dantzen koreografia landuak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 27a, 15:00

Bergarako Camden Town dantza akademiako kideak iaz jokatutako Fun Dantz! jaialdian.

Fun Dantz! lehiaketa egingo da zapatuan, Ibarra kiroldegian eta Euskal Herriko hainbat txokotako 21 talde elkartuko dira nor baino nor gehiago jarduteko; irabazleak martxoaren 21ean, Bilbon, jokatuko den BreakOnStage jaialdirako sailkatuko dira.

Musika eta dantza urbanoekin beteko da Ibarra kiroldegia, zapatuan izango den Fun Dantz! jaialdian. Aurtengoa, seigarren edizioa izango da, eta beste behin ere, dantzariak dena ematera aterako dira agertokira. Euskal Herriko dantza urbano talde onenen koreografiekin gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Interesa dutenek gaur erosi ahal izango dituzte sarrerak hiru eurotan, Arkupe kultura etxean; egunean bertan, berriz, bost eurotan salduko dituzte kiroldegiko leihatilan.

Ateen irekiera 18:00etan izango da, eta 18:30ean, epaileen ikuskizuna. Sara Colas, Paula Perez eta Alberto de Gregorio dantzariek saioa eskainiko dute, eta gero, epaile moduan arituko dira. Taldeen dantza maila baloratuko dute, baita sinkronia, ideia originala, eta erabilitako musika ere. 18:40ean, berriz, gazteen kategoriako koreografiak izango dira, eta 19:15ean, kategoria absolutukoen koreografiak. Aurreikuspenak betetzen badira, 20:00etan amaituko da dantza urbanoen ekitaldia.

Aretxabaletako Udalak eta BreakOnStage jaialdiak elkarlanean antolatutako ekitaldiak 21 talde elkartuko ditu. Horiek, hiru minuturen bueltako koreografiak eskainiko dituzte, ikusleen gozamenerako.

Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako taldeak elkartuko dira Ibarra kiroldegian jarritako oholtza gainean; besteak beste honako hauek: Feel The Sound (Bilbao), Bamboo (Donostia) Red Soul (Iruñea), Faktory (Leioa), Camden Town (Bergara), B-Wild (Barakaldo) eta Groove Stage (Gasteiz).

Bailarako ordezkaritza

Debagoieneko ordezkari bakarra izango da lehiaketan. Hain zuzen ere, Bergarako Camden Town dantza akademiako taldeek parte hartuko dute. Iaz, lau talde elkartu ziren; aurten, berriz, gazte mailan talde bakarrak eskainiko du ikuskizuna, eta absolutuan, aldiz, bi taldek dantzatuko dute.

Sari ederrak irabazleentzat

Gazteen edo urban dance junior deritzon kategorian, 15 urtetik beherako gazteak aterako dira agertokira ikuskizuna eskaintzera. Guztira, bederatzi talde izango dira, eta irabazleak BreakOnStage jaialdian parte hartuko du, martxoaren 21ean Bilbao Arenan. Bi talde onenek, berriz, sariak jasoko dituzte.

Kategoria absolutuan, berriz, 12 taldek parte hartuko dute, eta kasu horretan ere irabazlea BreakOnStage jaialdian egongo da. Bi talde onenak, aldiz, diruz sarituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak