Ez dago Leintz Arizmendi menderatuko duenik

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko ots. 22a, 14:45

20 partidu jokatuta, galdu gabe jarraitzen du Andoni Ezkurrak zuzentzen duen taldeak, eta sendotasun handia erakusten du partidu oro. Gaur ere erabat nagusitu dira etxekoak, Hernani 4-0 mendean hartuta, eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute.

Sailkapenak erakusten duena islatu da gaur Mojategin jokatutako partiduan. Izan ere, goitik behera nagusitu zaio etxeko taldea sailkapeneko azken postuetan dabilen Hernaniri. Baloiaren erabateko kontrola edukiz eta aukera garbiak sortuz, lehen ordu erdia betetzerako 3-0 aurreratu da Leintz Arizmendi –Lore Etxeandiak bi gol egin ditu eta Olatz Legardak bestea–. Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi dira.

Bigarren zatian ere Leintz Arizmendik jarraitu du partiduaren agintearekin, eta Miriam Agirrek laugarren gola egin du, buruz, partidua erabakita utziz. Ondoren, kanpokoek pare bat aukera izan dituzte emaitza txukuntzen saiatzeko, baina defentsan ere sendo aritu da Ezkurraren taldea. Gauzak horrela, 4-0 bukatu da partidua eta hiru puntuak, beste behin ere, Mojategin gelditu dira.

Denboraldi honetan ez dago Leintz Arizmendi menderatuko duenik. Konfiantzaz beterik dago taldea eta oraindik ez du partidurik galdu –19 irabazi eta bat berdindu–. "Garaipenarekin oso pozik gaude. Lider jarraitzen dugu eta hori da inportanteena. Konfiantzarekin gabiltza aurten. Gaur ere baloia guk eduki dugu ia momentu oro, pixkanaka lekuak aurkitzen joan gara eta golak egin ahal izan ditugu. Orain datoz aurkari indartsuenak, beraz, lanean jarraitzea dagokigu", azaldu du Lide Zubiagak, taldeko jokalariak.

Bergarak, berdindu

Maila berean, Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, Bergarak puntu bakarrarekin konformatu behar izan du etxean, Ostadar talde lasartearraren kontra (1-1).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak