Komuna jartzeko, ados; non eta nola, ezbaian

Maialen Santos 2020ko ots. 21a, 12:23
Elorregik inguruko herri bakoitzarekin egiten duen muga. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Arrasateko EAJk joan den astean esan zuen lidergoa hartu nahi duela Elorregin komuna jartzeko, eta Oñatiko eta Bergarako udalen elkarlana eskatu zuen. Oñatiarrek diote "aspaldi" ari direla lanean; bergararrek, aldiz, "oraindik" ez dutela hausnartzeko tarterik izan.

Erabiltzaileen aspaldiko beharra da Elorregiko autobus geltokiko komuna, eta proiektu horretan aurrerapausoak ematea gura dute Oñatiko eta Arrasateko udalek. Arrasateko Udal Gobernuak joan den astean adierazi zuen "lidergoa" hartu nahi duela Elorregin komuna jartzeko; hala, elkarlanerako dei egin zien Bergarako eta Oñatiko udalei, eta gutun bana bidali zien hiruren arteko bilera eskatuz.

Arrasateko aurrekontu parte hartzaileetatik 115.000 euro bideratuko dituzte bidegorrian komunak jartzera, eta Elorregi aukeratu dute horretarako. Joan den astean egindako udalbatzan, EH Bilduk EAJren jarrera salatu zuen: "Oñatiko Udal Gobernuak denbora darama elkarlana eskatzen, eta Arrasatek ez dio erantzun baikorrik eman. Orain, EAJk aurre hartu nahi duela dirudi". Arrasateko Udal Gobernuak azaldu du "errekonozitzen" duela Oñatik egindako lana, baina, komuna "herritarren eskaera" den heinean, "konpromisoa agertu" nahi duela.

Oñatiko Udalak, berriz, adierazi du "aspaldi" ari direla proiektua gauzatzeko ahaleginetan, eta "elkarlanerako prest" azaldu dira, "orain arte bezala". Hain justu, elkarlanerako asmoz zehaztu zuten proiekturako 20.350 euroko partida. Gauzak horrela, uste dute lidergoa "ez dagokiola" inori, eta gaineratu dute Gipuzkoako Aldundiarekin lan egiteko aukera ere "zabalik" dagoela.

Bergarako Udalak, azkenik, herria eremu horretatik kanpo dagoela adierazi zuen; beraz, ez zutela proiektu honetan parte hartzea aurreikusten. Orain, Arrasateko Udaletik gutuna jaso ostean diote "oraindik" ez dutela "hausnartzeko" tarterik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak