Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, aldaketak ez du kosturik izango eta tarifa zazpi euroan mantenduko da. Aparatuak egungo abantaila eta deskontuak mantentzeaz gain, Frantziako autobide guztietan eta Via T-ari atxikitako aparkaleku frantziarretan erabili ahal izango dela nabarmendu du Oiarbidek.
Erabiltzaileek etxean jasoko dute Abiatu 2.0 gailu berriari buruzko informazioa eta aparatua aldatzeko eman beharreko pausoen azalpenak.
Otsailaren 24an aktibatuko du Bidegik gailuak aldatzeko prozesua. 2015ean jaulkitako Abiatu gailuei eragingo die; hau da, operatibo dauden 97.000 gailuen % 65ari; guztira 62.600.
Diputaziotik jakinarazi dutenez, gailua iraungiko zaien erabiltzaileei emango zaie lehentasuna, baina Bidegik Abiatu 2.0 berria lortzeko eskaera guztiak tramitatuko ditu. Gailu berria entregatzeko aurreikusitako epea lau astekoa da, eskaera egiten den egunetik hasita. Bidegik Aritzetan dituen Bezeroen Arretarako Bulegoetan edo etxetik hurbilen duten postetxean jasoko da doan aparatu berria.
Abiatu derrigorrezkoa hainbat gunetan
Diputatuak gogorarazi duenez, Abiatu gailuaren erabilera derrigorrezkoa da Irungo ordainketa-estazioetan eta Bidegi Oinaurren eraikitzen ari den irteera/sarrera berrian, eta derrigorrezkoa izango da, baita ere, A-636 errepidean, 2021ean Deskargako autobideko bidesaria indarrean jartzen denean.