Bernd Langer: "Faxismoak nazioarte mailako desafioa izaten jarraitzen duela uste dut"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 18a, 11:44

Sei eguneko egonaldia egin du Euskal Herrian Bernd Langer aktibista eta historialari alemaniarrak. Gernika, Bermeo, Bilbo, Iruñea eta Gasteiz bisitatu ostean Elgetan izan zen domekan.

Elgetako bisita 10:00etan hasi zen. Langer Baskale elkarteko eta sare antifaxistako ordezkarien konpainian heldu zen Elgetara.

Iraitz Lazkano alkateak egin zion harrera Mendizaleen Plazan. Herrian jaio eta nazien kontzentrazio-esparruetan hildako Tomas Rebollo eta Pascual Askasibar elgetarren omenez plazan ipinitako oroigarriak erakutsi zizkion lehenengo. Emakume Erresistenteen plazan ere egin zuten geldialdia.

Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio zentroan jarraitu zuen bisitak. Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Nerea Villak 1936ko urritik 1937ko apirilera bitartean Elgetan gertatutakoen berri eman zion, eta museoan dagoen materiala erakutsi zion.

Bisitak Intxortako Atean izan zuen amaiera. Asentziora igo eta lubakien gunea zein Juan Jose Aranguren eskultore donostiarraren lana bisitatu zituen Langerrek.

Bisita emankorra

Bernd Langerren hitzetan bisita emankorra izan da Euskal Herrira egin duena. "Antifaxismoa adierazten den leku asko ezagutu ditut. Akaso ez guztiak, baina bai garrantzitsuenak. Herri honen tradizio antifaxistaren berri izan dut, eta liluratuta nago", esan du. "Ikusi dudana oinarrien lana da, eta ikaragarria da. Herritarrek erakunde batzuen laguntzarekin egiten dutena. Ikusi berri dugun museoa moduan. Horrela izan behar du!".

Antifaxismoak gaur egun duen garrantziari buruz galdetuta esan du faxismoak nazioarte mailako desafioa izaten jarraitzen duela. "Ikusten ari gara eskumarantz egiteko joera dagoela herri batzuetan bereziki. Polonia, Hungaria eta antzerakoak ditut buruan. Azken bi urteotan Estatu Batuetan ere bada olatu faxista bat. Alemanian ere egoera ez da benetan antifaxista, nahiz eta kanpotik horrela dirudien. AFD koalizioak aukera izan dezake parlamenturen batera heltzeko, eta neofaxistak elkartu daitezke olatu berri bat sortzeko. Hala, borroka antifaxistak beharrezkoa izaten jarraitzen du. Eta bi gauza nabarmendu nahi ditut: neofaxismo bat dugu eta ultra-eskuindarrek horrela erakusten dute, eta gero dago estatu polizial bat etengabeko zaintza egiten duena. Eta hor ere arriskua ikusten dut nik. Hori ere arrisku faxista dela esango nuke. Orwellek 1984 liburuan jasotzen zuen moduan adi egon behar dugu demokraziaren zaintzan".

Bernd Langer duela 10 urte hasi zen Antifaschistische Aktion – Geschichte einer linksradikalen Bewegung liburua idazten. Nagusiki, Alemaniako antifaxismoa ikertzen du lan horretan. Mugimendu hori orain 100 bat urte sortu zen Alemanian alderdi komunistaren inguruan, eta Hitler-en nazional sozialismoaren aurka. Liburua itzultzen ari dira Sare Antifaxista eta Baskale elkartea.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak