Haizeak gogor jo badu ere gaur eguerdian Mojategin batu diren lagunek gozatu ederra hartu dute. Jokalarien guraso eta etxekoak egon dira, ARTko egungo jokalari eta beteranoak, LEKeko lagunak eta baita Atzegiko neska-mutikoak ere. Koadrila polita batu da berdegunean, errugbi inklusioko saioa egin eta kirol hori gertuagotik ezagutzeko. Helburu nagusia, baina, talde giroan goiz ederra pasatzea zen.
Hala, Julen Barrutia entrenatzailearen agindupean egin dute lan-saioa. Elkar ezagutu dute lehenengo –jolas bidez– eta Barrutiaren eta ARTko esperientziadun jokalarien laguntzarekin poliki-poliki errugbiko joko arauak barneratu dituzte: "Oso gustora egon gara eta saio emankorra izan da. Hiru aste barru ostera ere batuko gara beste entrenamendu saio bat egiteko, eta ea poliki-poliki taldea handitzen eta egonkortzen joaten den", adierazi dio Barrutiak GOIENAri. Aipatu moduan, errugbi inklusiboaren entrenamendu saioa aitzakia aproposa izan da datozen asteotan GOIENA telebistan ikusi ahal izango den Barru saioko denboraldi berria hasteko. Eta bertan, gazte arrasatear bat izango da protagonista.