Sustoa entrenamendu saioan, Istar Dapenak pertika hausten duen momentua

Xabier Urtzelai 2020ko ots. 14a, 09:42

Eguaztenean Anoetan egindako entrenamendu saioan susto ederra hartu zuen Istar Dapena atleta arrasatearrak, oso tarteka gertatzen den zerbait gertatu zitzaion arrasatearrari, pertika hautsi zuen bost metrotatik gorako saltoa egitera zihoanean –bideoan bi arrasatearren saltoak–. 

Eguaztenetan Malen Ruiz de Azuak eta Istar Dapenak Anoetan entrenatzen dute Jonathan Perezek lagunduta. Hala, bost metrotik gorako saltoak egin ahal izateko pertika espezifikoak erabiltzen dituzte, bakoitzak berea –neurri eta gogortasun ezberdinak izaten dituzte– eta atletek konfidantza itsua izaten dute material horretan, kale egiten duten arte.

Ez da sarritan gertatzen, salbuespena izaten da, baina eguaztenean Istar Dapenari gertatu zitzaion. Joan den astean Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen (5 metro) Realeko atletari bete-betean hautsi zitzaion pertika, inpultsoa hartzera zihoan unean bertan –pertikek puntu horretan izaten dute tolestura handiena–. Zorionez sustoan geratu zen dena, nahiz eta arrasatearrak sorbaldan min hartu zuen. Halakoetan bistaratzen da atleta hauek zer-nolako arriskuak hartzen dituzten lauzpabost metrotako saltoak egiten dituztenean.   

Horrela geratu zen pertika, hiru zatitan.

Gipuzkoako txapelketan, eta Zaragoza Sarian, protagonistak

Hain zuzen, joan den astean Gipuzkoako txapeldun izan zen Istar Dapena, pertikarekin 5 metrotako saltoa eginda, eta salto hirukoitzean Arrasate Atletikoko harrobiak emandako atletek osatu zuten podiuma. Urrea jantzi zuen Real Sociedad taldeko Iñigo Uribarrenek (15,22), zilarra talde bereko Eneko Carrascalek (14,92) eta brontzea Arrasate Kanpanzarreko Alain Egiak (13,49). 

60 metrotako lasterketan, berriz, Ibai Fernandez –Reala– laugarren izan zen (7.16), Aitor Uranga –Arrasate Kanpanzar– 9.a (7.19), eta lasterketetan esu hartu zuten baita ere Arrasate Kanpanzarreko  Iker Menorrek (7.49) eta Ander Oterok (7.52).

Amaitzeko, Maialen Axpe eta malen Ruiz de Azua pertigista arrasatearrak Zaragozan lehiatu ziren, Zaragoza sarian. Malen Ruiz de Azuarendako izan zen irabazlearen garaikurra (4,32) eta Valentzia Sport taldeko atletak gutxigatik ez zuen 4,42ko saltoa egin, gertu du marka. Maialen Axpek, berriz, geroago eta sentsazio hobeak ditu iaz min hartutako orkatilean. Zaragozan bigarren sailkatu zen 4,12ko saltoa eginda. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak