Kanal aldaketa

Hainbat telebista kate, kanal berrietan

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko ots. 14a, 09:40

Xabi Marzana, Arrasateko Elkoro dendako teknikaria, etxe bateko teilatuan antena egokitzen.

Zenbait telebista kate frekuentziaz aldatu dituzte aste honetan; tartean, Goiena telebista; orain, antena-jartzaileen txanda da: zenbait antena kolektibotan egokitzapenak egin beharko dituzte, eta gero, norberak kanalak berriz sintonizatu.

Orain arte 52. kanalean emititu du Goiena telebistak, baina aste honetan lanak amaituta, 25. kanalean emititzen hasi da

Goiena telebista, Euskal Telebistako lau kateak, T5, A3... horiek denak ikusteko, antena-jartzaileari deitu behar zaio. Eta ondoren, sintonizatu egin behar da telebista. Aukera dago euskarazkoak diren kanalak (Goiena telebista, Euskal telebista...) lehen, bigarren edo hasierako zenbakietan jartzeko.

Orain arte 52. kanalean emititu du Goiena telebistak, baina aste honetan lanak amaituta, 25. kanalean emititzen hasi da. "Hainbat tontorretan ditugun antenak egokitu ditugu kanal berrian emititzeko, eta, gainera, egokitzapen hau aprobetxatu dugu ekipo berriak jarri eta seinalearen kalitatea ere hobetzeko", adierazi du Oihane Agirrek, Goiena telebistako zuzendariak.

Kontuan izan behar dugu Lurreko Telebista Digitalaren seinalea (LTD) jasotzen duten etxeetan izango duela soilik eragina frekuentzia aldaketak. Telebista Euskaltel bidez ikusten dutenek ez dute inolako egokitzapenik egin beharko.

Egokitu eta berriz sintonizatu

Seinalea antena kolektibotik jasotzen duten lekuetan, egokitzapen batzuk egin beharko dituzte antena-jartzaileek

Posible da orain Debagoieneko etxebizitza askotan Goiena telebista ez ikustea. Berriro Goiena telebista ikusteko, gure etxebizitzak duen antenari erreparatu beharko diogu: seinalea antena kolektibotik jasotzen duten lekuetan, egokitzapen batzuk egin beharko dituzte telebista orain arte moduan ikusten jarraitzeko. Egokitzapen-lan horiek antenajartzaileek egin beharko dituzte eta horretarako deitu egin beharko zaio antena-jartzaileari. Behin lanak amaituta, norberak etxeko telebista berriz sintonizatu beharko du, telebista kateak berriro topatzeko. Telebistako urrutiko kontrolarekin berriro sintonizatuko da telebista. Sintonizazio hau automatikoa edo manuala izan daiteke; manuala egiteko, gogoratu behar da Goiena telebista 25. kanalean dagoela. Sintonizatu ostean, gogoko kanalak norbere gustura ordenatzeko aukera eskaintzen du telebistak. "Hori dela eta, aukera edukiko dugu euskarazko kateak, tartean Goiena, lehen lerroan jartzeko, eta, modu horretan, eskuragarriago izango ditugu. Beraz, hori egitea gomendatzen diet debagoiendar guztiei", adierazi du Agirrek.

Familia bakarreko etxeetan edo gehienez hiru familiako etxeetan, antena berriro sintonizatzearekin nahikoa izango da, antena-jartzaileak ez baitu egokitzapenik egin beharko.

Dirulaguntzak eska daitezke

Antena-jartzaileek egingo dituzten lanak finantzatu ahal izateko, dirulaguntzak eskatzeko aukera dago. "Antenetan egin beharreko moldaketek profesionalen esku egon behar dute eta, beraz, antena-jartzaile modura bere lizentzia daukan profesional bat izan beharko da aldaketa horiek egingo dituena. Hori jakitea garrantzitsua da; izan ere, Espainiako Gobernuak dirulaguntzak emango ditu gastu horiei aurre egiteko", adierazi du Agirrek. Dirulaguntza horiek www.televisiondigital.gob. es webgunean eskatu daitezke.

Eskoriatza, salbuespena

Eskoriatzan ez du eraginik izango kanal aldaketak. Izan ere, Eskoriatzako herriguneak seinalea kable bidez hedatzeko sare propioa dauka –Elorretako auzoan izan ezik–. "Eskoriatzako herriguneko %95ek seinalea kable bidez jasotzen du. Beraz, egokitzapen honek ez du eraginik izango han", dio Agirrek.

Zalantzak argitzeko zerbitzua jarri du Goienak debagoiendarren eskura: 943 25 05 05

Debagoieneko gainontzeko herrietan eragina izango du aldaketa honek, eta egokitzapenak egin beharko dira. Dena den, edozein zalantza izanez gero, 943 25 05 05 telefonora deitu daiteke. Prozesu honek bere denbora beharko du, baina ekainaren 30a baino lehen liberatuta egon behar du 700 MHz bandak. Hala, adituek aholkatu dute egokitzapenak ahalik eta azkarren egin ditzaten herritarrek.

Goiena telebistak, 10.000 ikusle

Goiena telebista, zuntz optiko –kablea– zein LTD bidez –antena– 10.000 lagunek ikusi eta entzuten dute egunero. CIES erakundeak 2019an egindako azken neurketak ematen du datu hori. Bestalde, geroago eta gehiago dira Goiena telebistako edukiak Internetetik –ordenagailuz, eskuko telefonoz zein tabletaz– kontsumitzen dutenak. Hala, 2019an, Goiena telebistako 3.680 bideo igo ziren Goiena.eus-era eta, orotara, 552.586 ikustaldi izan zituzten bideo horiek, aurreko urtean baino %31 gehiago.

'Goiena.eus', goranzko joeran

Aldi berean, Goiena.eus webguneak ere goranzko joerari eutsi dio 2019an. Izan ere, 2018arekin alderatuta %21,23 igo da webguneak izan dituen bisita kopurua, eta, guztira, 2.860.000 saio izan ditu. 550.000 erabiltzailetik gora izan ditu urtean zehar eta 7.700.000 orrialde baino gehiago ikusi dituzte, guztira, irakurleek.

Goiena telebista ikusteko aldaketa egin behar

Jesus Mari Elkoro (Milar Elkoroko jabea): "Aldaketa egin barik ezingo da Goiena ikusi"

Aste osoan dei mordo bat jaso dutela aitortu du Elkorok.

Aldaketa antena kolektiboa duten telebistetan bakarrik egin beharko da, ezta?

Hori da. Emisoreak aldatu egin behar dira tokiz, eta gero, antena kanal berrietara egokitu beharko da.

Norberak egin ahal izango ditu egokitzapen horiek?

Antenako egokitzapenak antena-jartzaileek egin behar dituzte, nahi eta nahi ez. Izan ere, oso gauza konkretu eta bereziak dira. Aparatu mota ezberdinak daude eta horien arabera ezberdina da egin beharreko egokitzapena ere.

Zer da ezinbestekoa?

Antena-jartzaile bati deitu eta antena egokitu. Izan ere, hori egin arte ezin izango da Goiena telebista ikusi. Ekainaren 30a baino lehen egokitu ez duenak ez du ikusiko. Beraz, antenak egokitzen jarraituko dugu, ahal dugun azkarren.

Zelan ikusi berriro Goiena telebista

  • Egokitzapenak antenan

Antena kolektibotik jasotzen badu zure telebistak seinalea, antena-jartzaileak egokitzapenak egin beharko ditu. Behin lanak amaituta, ikus dezakezun oharra jarriko du antena-jartzaileak zure atarian.

  • Berriro sintonizatu

Telebista berriro sintonizatu beharko dugu kanal berriak topatzeko. Kanalen bilaketa hau modu automatikoan edo manualean egin dezakegu urrutiko agintearekin. Gogoratu 25. kanalean dagoela Goiena.

  • Kanalak ordenatu

Berriro ere sintonizatu ostean, gogoko kanalak norbere gustura ordenatzeko aukera eskaintzen digu telebistak. Hain zuzen, Urrutiko agintearekin editatu kanalak eta jarri gogokoen artean Goiena telebista ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak