Jatekoak trukatu eta hondakinak murrizteko aplikazioarendako 'ChangeMaker Lab' saria

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 11a, 07:50

Ikasleen artean diziplinarteko ekintzailetza bultzatzeko II. programaren sariak banatu ditu Mondragon Unibertsitateak. Orit proiektuak irabazi du lehen saria; jatekoak trukatzeko eta janari-hondakinak murrizteko appa da hain zuzen ere.

Gazteen artean enpresen eta proiektuen sorrera bultzatzea da Mondragon Unibertsitateak abian jarritako ekimenaren helburua eta bigarrenez egin den lehiaketan 22 ikaslek hartu dute parte. Change maker edo aldaketa-bultzatzaile esaten dieten partaideek diziplina anitzeko taldeetan egin dute lan lau hilabetez, programaren erronkei aurre egiteko.

Orit izeneko aplikazioak irabazi du sari nagusia –1.000 euro–. Zaborretara botatzen den janaria gutxitzea da app horren helburua; horretarako, jakien trukea sustatu nahi du gazteen artean, batez ere 25 eta 35 urte bitartekoen artean. Trukatzeko prest dauden janarien berri ematen du horrek, jakiak botatzea saihestuz.

Bigarren saria –600 euro– Repera proiektuarentzat izan da. Itxuragatik dendetan saldu gabe gelditzen diren frutei eta barazkiei beste aukera bat ematea eta horiekin bestelako azken produktuak sortzea da proiektuaren funtsa.

Hirugarren saria –400 euro– BiPens proiektuak jaso du eta eguneroko otorduak eta hezkuntza uztartzen ditu. Haurrak protagonista izango diren jateko guneak sortzea proposatzen du. Elikadura, natura eta heziketa batzen dituen ingurunean, umeek irudimena erabiliko dute.

Chage Maker Lab ekimena

Bi ezaugarri nagusi ditu ekimenak: diziplinartekotasuna, parte-hartzaileak zenbait jakintza arlotakoak baitira, eta kokapen-aniztasuna, Mondragon Unibertsitateko fakultateak konektatzeko aukera ematen duena. Kimu Berrik babestu eta Gaztenpresak sustatutako programa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak