Zaldibarko desagertuen bilaketa lanak bertan behera gelditu dira, beste behin

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ots. 10a, 18:12

Hondakindegiko lurren ezegonkortasunak "lur-jausi berriak" ekar ditzakeela kontuan izanik, pasa den eguenetik desagertuta dauden bi langileen bilaketa lanak etetea erabaki du Jaurlaritzak. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, segurtasun-horma batekin babestuko du AP-8a Zaldibarren.

Anboto tokiko komunikabidea ezbeharraren jarraipen landua egiten ari da une oro. Kanal berezia ere sortu dute gaiarekin lotura duen guztia jaso eta ondo antolatuta izateko, irakurleek informazio guztia esku-eskura izan dezaten.

Agerraldia Zaldibarren

Gaur goizean Zaldibarren egin dute agerraldia Eusko Jaurlaritzako Estefania Beltran De Heredia Segurtasun sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak. Beltran de Herediak azaldu duenez, geologo taldeak gomendatu die erreskate lanetarako erabili dituzten makina eta hondeatzaileak ez erabiltzeko. Anboto.org tokiko komunikabideak jaso duenez, "beste puntu batzuetan eta beste baliabide batzuekin" egitea aztertzen ari da Jaurlaritza.

Horretaz gain, Jaurlaritzako ordezkariak soluzioak eskatu dizkio Verter recycling enpresari: “Hondakindegia ez da Jaurlaritzarena. Enpresa pribatua da. Guk, administrazio modura lurraren egonkortasunerako eta osasunari lotutako soluzioak eman ditzala exijituko diogu”.

Herritarrak "kezkatuta"

Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko herritarrek informazio gehiago eskatu dute eta gaur ilunkaran elkarretaratzeak egingo dituzte hiru herrietan. Bestalde, Eitzagan airearen kalitate neurgailu bat jartzeko eskatu dute.

Zaldibarren AP-8a eusteko horma

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ezaugarri teknikoak definitzeke badaude ere, sei metroko altuera eta 50 metroko luzera izango dituen harri-lubetako horma bat jarriko du, Donostiara doan noranzkoan. Horrekin "autobideko segurtasuna hobetu nahi da". Dikea eraikitzeko aurreikusitako epea 10 egun ingurukoa da. 

Bestalde, kaltetutako eremuan ezartzeko bide-segurtasunerako beste neurri batzuk aztertzen jarraitzen du foru-erakundeak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak