Aresko emakume martxan izena emateko epea zabalik dago

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ots. 8a, 14:55

Aresko emakume martxaren aurkezpena egubakoitzean Ibarraundi museoan

Martxoaren 8an egingo da laugarren Aresko emakume martxa. Eskoriatzatik Aretxabaletara izango da aurten eta parte hartzeko zein omenduak izango diren emakumeen izenak proposatzeko epeak zabalik daude. Ibilbidean aldaketa txiki bat egongo dela ere aurreratu dute antolatzaileek.

"Emakumea bigarren planoan gelditu beharrean, gizonezkoekin batera aurrean" agertzeko aldarrikapena egingo du aurten ere Aresko emakume martxak. Eskoriatzatik Aretxabaletara izango da aurten ere eta aurreko hiru aldietan bezala herri bakoitzeko emakume bana omenduko dute. "Eskoriatzako kirol elkarteak, UDAk eta Aresko saskibaloi eskolako gurasoek hartuko dute erabakia baina proposamenak egiteko aukera otsailaren 22ra arte dago zabalik", dio Areskoko Maitane Dieguezek.

Martxa martxoaren 8an izango da. 11:00etan abiatuko da Eskoriatzatik eta 10:45ean egingo diote Eskoriatzako emakumeari omenaldia. Aretxabaletakoari berriz, martxa amaieran, 14:00ak aldera egingo diote bere herrian, Aretxabaletan.

Ibilbidean aldaketak

Egubakoitz iluntzean egin zuten laugarren Aresko emakume martxaren aurkezpena Eskoriatzako Ibarraundi museoan eta han aurreratu zuen aurtengo ibilbidean aldaketa batzuk egongo direla. "Eskoriatzako plazatik abiatuko gara eta handik liburutegi aldera egingo dugu. San Pedro auzotik Intxaurtxuetara joango gara eta han bidegorrira pasako gara Aretxabaleta aldera joateko. Han, Aretxabaletan, errepide orokorra hartu beharrean atzeko aldetik joango gara, ibaia dagoen aldetik", azaldu du Dieguezek.

Izen-ematea

Martxan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko; otsailaren 22ra arte eman ahal izango da. Izena ematerakoan egunean bertan opari jasoko duten nikiaren taila jarri beharko dute parte-hartzaileek. Inskripzioa bost euro da. Aretxabaleta zein Eskoriatzako kiroldegietan eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak