AP-8a irekita dago bi noranzkoetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ots. 6a, 17:46

AP-8 autobidea irekita dago Zaldibar parean; by-pass bat jarri dute 74-78 kilometroen artean. Ermuko saihesbidea N-634 (67 km) ere zabalik dago. Desagertutako bi lagunen bilaketa lanei berrekin diete hondakinen kudeaketan aditua den enpresa baten laguntzarekin Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman dutenez.

Gauean ere jardun dute desagertutako bi langileen bila, baina amiantoa agertu da hondakin geldoen artean, eta horregatik, bertan behera utzi dituzte bilaketa lanak. Hondakinen kudeaketan espezializatutako enpresa baten laguntzarekin, gaur bilaketa lan horiekin jarraituko dutela jakitera eman dute.

Argazkia: SOS Deiak.

Eguenean, 16:00ak inguruan gertatu da luizia, AP-8ko 75. kilometroan, Zaldibar parean. Lehen hipotesien arabera, zabortegitik 3.000-4.000 metro kubiko erori dira errepidera. SOS Deiak-ek jakitera eman duenez lur-jausia gertatu den gunean bi pertsonen bila dabiltza. 

Bizkaiko Diputazioak jakinarazi duenez, Foru teknikariek egindako lehen kalkuluen arabera, Eitziagako zabortegitik datozen 3.000 eta 4.000 metro kubiko inerte erori dira galtzadara, eta 30 metroko zabalera hartu dute. Material guzti horren mihia 35 bat metro sartu da autobidean eta Ermuako N-634 saihesbidean, 66,5 kilometroan. AP-8aren bi noranzkoak guztiz estali ditu.

Argazkia: Gipuzkoako suhiltzaileak.

Aditzera eman dutenez lur-jausiak ez du ibilgailurik harrapatu errepidean baina inguruan lanean ari ziren bi pertsonen bila ari dira.

Ertzaintzak helikoptero bat, mendiko erreskate taldea eta txakurrak bidali ditu inor harrapatu geratu den ala ez baieztatzeko. Lekuan daude baita ere bestelako larrialdi zerbitzuetakoak, besteak beste, Oñatiko eta Eibarreko suhiltzaileak eta Gurutze Gorriko eta DYAko kideak. 

Bestalde, Anboto tokiko komunikabideak jakinarazi duenez, bi baserri hustu behar izan dituzte "modu prebentiboan".

Garbiketa lanak

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Zaldibarko AP-8 eta N-634 errepidearen gainean eroritako materiala garbitzeko lanak hasi dituzte. Lanak N-634 errepideko galtzadaren zati bat eta AP-8ko Bilborako noranzkoan dagoen galtzadaren zati bat kentzen hasiko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez, "helburua da bi galtzadak garbitzea eta trafikoari irekitzea ostiral honetako lehen orduan, autobidean by-pass bat ezartzeko eta zirkulazioa partzialki berreskuratzeko".

Garbiketa lan horiek egiteko 25 langile,  sei hondeatzaile eta hamaika kamioi mobilizatu dituzte. Garbiketa lanen lehen fasearekin amaitutakoan, Irungo noranzkoan galtzadaren gainean eroritako materiala kentzeko lanei ekingo diete, "baina aldez aurretik ziurtatu beharko da lan horrek ez lukeela zabortegiaren irristatze berririk eragingo". Bestalde, jakinarazi dutenez ostiralean beste azterketa bat egingo dute, operazio horren bideragarritasuna zehazteko.

Intzidentziak irauten duen bitartean, Interbiak enpresak Durango mendebaldeko (irteera), Iurretako, Ermuko eta Gerediagako ordainlekuetako hesiak altxatuta mantenduko ditu.

Auto-ilara handiak

Autobideko zirkulazio mozketak auto-ilara luzeak eragin ditu autobide inguruan, istripua gertatu eta hurrengo lau orduetan. AP-8an, Irungo noranzkoan zihoan trafikoa Durangoko bidesaritik atera dute eta Kantabriako norabidean zihoazenak Eibarreko irteeratik.  

Trafikoa desbideratzeko erabili dituzten errepideetan ere auto pilaketak sortu dira, horien artean Kanpanzar. Bestalde, garraio publikoan ere atzerapenak egon direla jakinarazi du Lurraldebusek.

Erlazionatuak

Luiziaren ondorioak argazkitan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020 ots 06 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak