Alvarez de Eulate maisua eta haren ikasle Ayesta, elkarrekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 6a, 16:58

Juan Biain, Juan Ayesta eta Edorta Kortadi erakusketaren inaugurazioan. Argazkia: Iñaki Luzarraga.

Arantzazu Gaur Fundazioak eta Donostiako D'Museoak elkarlanean antolatu duten Eulate + Ayesta. Arte eta bizitza esperientzia bat izena duen margo erakusketa inauguratu dute gaur, eguena, Donostiako Santa Marta Museoan. Apirilaren 19ra bitartean izango dira Xabier Alvarez de Eulate artista frantziskotarrak eta haren ikasle izan zen eta gaur egun Arrasaten bizi den Juan Ayesta beasaindarrak egindako lanak ikusgai.

Bilduma artista bien arteko giza eta artista harremanaren erakusle dela azaldu du Ayestak: "Nire lagunari eta mentoreari egin nahi izan diodan omenaldi xaloa zein ederra da. Erriberriko frantziskotarren komentuan ezagutu genuen elkar 1977ko udan, eta 1982ra bitartean udaro elkartzen ginen han; berebiziko arrastoa utzi zidan, eta horri esker, Gipuzkoako pintore gazteen artean nabarmentzeko aukera izan nuen. 30 artelanez gain, argazkiak eta gutunak ere bildu ditugu".

Katalogoa baino gehiago

Erakusgai dauden margolanen katalogoa baino "askoz gehiago dela" diote ekimenaren bultzatzaileek, argitaratu duten liburua. "Izan ere, bi margolarien arte eta bizitza esperientzia erakusten digu. Argitalpena D’Museoan bertan edo Arantzazu Edizio Frantziskotarrak argitaletxean eskuratu daiteke, 10 euroan”, adierazi du Juan Biainek, Arantzazu Gaur Fundazioko arduradunak.

Bisita gidatuak

Erakusketa apirilaren 19ra dago zabalik, eta astelehenetik igandera bitartean bisitatu daiteke  10:30etik 19:30era.

Bilduma gertutik ezagutu gura dutenentzako, Juan Ayestak aurkeztutako bisita gidatuak eskainiko dituzte, otsailaren 14an, martxoaren 5ean eta apirilaren 3an, 18:30etan hasita; gaztelaniaz izango dira, eta parte hartzeko aurrez izena eman behar da 617 256 284 telefonora deituta edo Info@dmuseoa.com helbidera idatzita.Informazio gehiago, Dmuseoa.com atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak