Aurrera egiteko arnasa hartu du Bergarak Mondrari 2 eta 0 irabazita

Jagoba Domingo 2020ko urt. 25a, 18:50

Derbi borrokatua jokatu dute Bergarak eta Mondrak Agorrosinen. Biek ala biek irabazi gura, baina etxekoak behar handiagoarekin. Hala, gora begira jarri eta puntuak eskuratzeko garaipen oso garrantzitsua izan da bergararrendako.

Partidu borrokatua izan da hasiera-hasieratik, eta bi taldeak saiatu dira baloia izaten. Gol aukera garbirik ez dute sortu lehen zatian, baina sortu dituzten apurretan Mondrako Sanchez anaiek zeresana izan dute. Bergarako atezaina, ostera, fin ibili da eta horrek, segurtasuna eman dio taldeari.

Bigarren zatia berdintsu hasi dute. Mondrako Pavonek aukera polita izan du baina asmatu ez, eta ondoren, taldekide duen Iker Sanchezi ere beste horrenbeste gertatu zaio. Azken hogei minutuetan Bergara gehiago izan da, Agorrosingo berdegunera ohituago dagoela erakutsita, eta baloi luzeak izan dira nagusi orduan; Mondrak, ostera, behera egin du. Kornerretan arriskua sortu du behin baino gehiagotan etxeko taldeak, eta 40. minutuan Luken Arriolaren gola iritsi da. Partidua bukatzera zihoan eta Mondra berdintzen saiatu arren kontraerasoan bigarren gola egin du Bergarak, Euken Azpeitiak hain zuzen ere. Ospatzen zihardutela eman du bukatutzat partidua epaileak.

Etxekoak pozik ziren gora egiteko behar beharrezko zituzten hiru puntu eskuratu dituztelako. Mondrarendako, ostera, porrot mingarria izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak