Debagoieneko enplegu azoka otsailaren 13an eta 14an iritsiko da Arrasatera

BABESTUTAKO EDUKIA 2020ko urtarrilaren 24a

Enpresen eta lan bila ari diren pertsonen topagunea izan nahi du Garaia parke teknologikoan egingo den Debagoieneko enplegu azokak. Aurretik ere, norberaren burua enpresaren aurrean nola aurkeztu ikasteko tailerrak egingo dituzte.

Enplegu Azokak enpresen eta langabezian dauden pertsonen arteko zubia izan nahi du. Eskualde mailako ekimena izango da eta enpresak eta lan bila ari diren pertsonak elkartu nahi ditu; bakoitzaren beharrak eta eskaintzak partekatzeko asmotan. Enpresek eta erakundeek euren negozio ereduak azaltzeko baliatuko dute otsailaren 13an eta 14an egingo den azoka; eta negozio eredu horiek garatzeko zein profiletako pertsonen beharra duten zehaztuko dute. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen aurrean hautagaitza eta profila azaltzeko aukera izango dute.

Stand ezberdinetan kokatuko dira azokan parte hartuko duten enpresak, eta bertan garatuko dituzte jendearekin hartu-emanak. Curriculumak ere jasoko dituzte gainera, eta enpresak beraiek euren balio proposamenei buruzko aurkezpen txikiak egiten jardungo dira, "etorkizuneko langileak" erakartzea helburu.

Laguntza tailerrak

Azokaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte mankomunitatetik. Urtarrilaren 27an enpresei zuzendutako tailerra egingo dute,  talentua nola erakarri ikasteko asmoz. Enpresek euren aurkezpenak modu egokian nola garatu beharko lituzketen azaldu nahi dute tailerretan.Pertsonei zuzendutako tailerra ere egingo dituzte, norberaren burua enpresaren aurrean nola aurkeztu ikasteko. Herri ezberdinetan egingo dute hori, otsailaren 3an Oñatin; 4an Bergaran, eta 5ean, azkenik, Arrasaten. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.debagoiena.eus/enpleguazoka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak