Aramaioz ikasten eta kantuz gozatzen, Bertso Egunaren lehen zatian

Julen Iriondo 2020ko urt. 18a, 16:09

Bisitari ugari batu du gaur herrira Euskal Herrian bertsozaleen urteroko zita nagusietakoa den Bertso Egunak. Egitarauari ekiteko, bisita gidatu eta bertsokatua egin dute eguerdian.

Euskal Herriko hamaika txokotatik iritsi da jendea Aramaiora 2020ko Bertso Egunaz gozatzeko. Bertsolariak ere, makina bat, tartean baita ingurukorik ere. Eguerdiko saioan, esaterako, Xabi Igoak, Martin Abarrategik eta Ane Zuazubiskarrek jardun dute Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Jokin Urangarekin –bestek beste– batera.

Bisita gidatua egin dute herrian. Amillena elkarteko Libe Ramilak herriaren gaineko azalpenak eman ditu hiru puntutan, plazan, eliza aurrean eta parkean, eta azalpen horiekin lotutako gaiei kantatu behar izan diete bertsolariek.

Hura amaituta, trago pare bat eta bertso bazkarietara. Aldi bereko bost bertso bazkari ari dira egiten Aramaioko Bertso Egunaren barruan, beste hainbeste lekutan.

Txapelketa eta Bertso Eguna, astelehenean Goiena telebistan

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren eta gaurko Bertso Egunaren berri asteleheneko Hemen Debagoiena berezian emango du Goiena telebistak. Saioa Aramaioko Iturrieta sagardotegitik emango dute, eta txotx denboraldiaren irekiera ere izango da hizpide. Hemen Debagoiena, astelehenean, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak