Urtarrileko aldapa ez dadila gogorregia izan

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 17a, 09:48

Urteko lehenengo jardunaldian Ford Mugarri Arrasate eta Fagor Industrial esku hutsik etorri ziren etxetik kanpora jokatutako norgehiagoketatik. Biek ala biek atzeko postuetatik irten guran dabiltzan kontrarioak izango dituzte asteburuan.

Bigarren itzulia hasi orduko Hondarribiak errebantxa hartu du. Liga hasieran Ford Mugarri Arrasatek 27-24 irabazi zien Iturripen, eta joan den astean, bigarren itzuliko lehen partiduan, balantza orekatzeko kapaz izan ziren Hondarribikoak, emaitza berberarekin, gainera (27-24). Fagor Industrialek ere galtzen hasi du urtea.

Bigarren dagoen Basauriren kantxan jokatu zuten oñatiarrek urteko lehen partidua, eta joanekoan Zubikoan gertatu zitzaien moduan, tarte txikiagatik bada ere Basaurik partidua irabaztea lortu zuen (22-19) Hala, Euskadiko Txapelketan aurrealdean dabiltzan bi talderen kontra jokatzetik atzeko postuetatik ihes egin guran dabiltzanen kontra jokatuko dute oraingo astean; etxean, gainera.

Bihar, Urnieta hartuko dute oñatiarrek (18:15, Zubikoa). Urnietak bost jardunaldi daramatza partidurik irabazi barik. Domekan, berriz, hiru partidu irabazi dituen Ugeraga izango da Iturripen (11:15).

Kontrario zuzena Aloñako neskendako

Construcciones Aloña Mendiko neskak atzealdeko postuetatik ihes egiteko borrokan dabiltza, eta horiek ere galdu egin zuten urteko lehen partidua (19-26) Aialaren kontra. Hala, oñatiarrek bigarren astez jarraian jokatuko dute Zubikoan, eta oraingoan atzeko postuetan kontrario zuzena den Petronor Muskiz izango dute aurrean (zapatua, 16:30).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak